Iosu Izagirre Sextet, Gretchen Parlato, Take 6
Euskal Herriko kultur panorama ekitaldi eta hitzordu ezagunenetatik at geratu ohi da. Eta Iosu Izagirreren sextetoak ere etxean jokatu du, Gasteizko jaialdiko eszenatoki nagusienetako batean. Iosu Izagirreren formazioa 2020an agertu zen lehenengo aldiz Gasteizko jazzaldian, isilean igaroz. 2022ko Mingus Moods proiektua Jazz UP! sailean aurkeztu zuten gero, modu nabarmenago batean. Heldu da eguna zeinetan euren izena jaialdiarekin irmoki lotuta agertzen den. Gainera, euskararen aurkako oldarraldi betean, sarrera zein pieza desberdinen aurkezpenak euskara hutsean entzuteak oxigenoa ematen dio panoramari. Jazzaren jatorri politizatuaren oihartzuna izan liteke, beharbada.
Saioak aurrera egin ahala, haien iazko Ilusio albumetik hartu dituzte pieza gehienak, eta esperientzia paregabea izan da zuzenekoan gozatzea. Zenbait abesti bereiziko nituzke: Lau nota memorian, Izagirrek dioenez, Kepa Junkeraren kontzertu batean burutik ezin irten geratu zitzaizkion soinuen ondoren konposatutako pieza bikaina. Bestalde, Salvadorren berpiztean, gure kulturari keinu egiten diona, eta albuma ixten duen kanta, paradoxikoki. Azkenik, Nostalgia in Kutxa Square abestia ere aipagarria da, Gasteizko Kutxa enparantzari erreferentzia egiten diona, non askotan egiten dituzten zuzeneko kontzertuak. Inspirazio iturriak gertu edukitzeak, hiri handietatik datorren guztiaren beharra erlatibizatzera bultzatzen gaitu. Maisu gasteiztarraren alboan daude Koldo Uriarte (pianoa), Aitor Bravo (bateria), Asier Iturbe (tronboia), Pablo Ramos (saxo altua) eta Ruben Salvador (tronpeta). Izagirrek (kontrabaxua) euren jatorrizko herriak zein auzoak aipatu ditu haiek aurkezteko, eta, azkenik, bere emaztea gonbidatu du oholtzara, bertan bis-a abesteko. Itxiera samurra etxetik datorren talentuarentzat.
Gretchen Parlatoren gailurra
Ibiladi berezia Gretchen Parlatorena. Egindako ikasketa eta lortutako beka ospetsuen ostean, material propioa kaleratu aurretik ere errekonozimendu nabarmena zuen. 2009ko eta 2011ko albumek sendotu zuten bere bidea, influentziak jasotzetik influentzia izatera ere igaroz. Hamarkada bat baino gehiago itxaron behar izan da bere bestelako lanen bat ezagutzeko. Izatez, bizi dugun hamarkada hau itzulerena izendatu dute alor kultural desberdinetan, musikalean bereziki. The Wise Ones albuma irailean ikusiko dugu dendetan, baina aurkezpen abesti berriak kaleratzen ibili da azkenaldian, eta Gasteizen ere aurkeztu ditu, noski. Capricorn esanguratsua tartean. Bere banda betiko sormen taldeko kideek osatzen dute, eta oraingo honetan, diotenez, musika sortzean besterik ez dute jarri arreta, «egoa alboratuta, zergatiak alboratuta». Horregatik, hain zuzen, une lasai zein heldu batean sumatzen da taldea, eta emaitza epel kozinatutako lan bat izan da, gailurra jo duena. Abestien hitzak Parlatoren barne elkarrizketetatik datoz, eta, besteak beste, maitasuna, galera edo hazkunde pertsonala aipatzen ditu. Orain arte, gure jaialdiak bere izena falta zuen; baina Parlatok musika sortzera itzuli dela aipatu du, eta horixe bera egin du gurean ere.
Bestalde, 80ko hamarkadan ospea lortu zuen Take 6 Alabamako seikoteak. Grammy, Dove eta Soul Train sariak irabazi ondoren, eta Stevie Wonder edota Ray Charles figura ikonikoekin lan egin ondoren, a capella ahots talde ospetsuenetarikoa izatera igaro da taldea. Gasteizen, 2014an, hasiera eman zioten aurtengoaren antzeko Gospel musikaz girotutako gau bati, eta entzuleoi kontzertu hura gogoratzen ote dugun ere galdetu digute. Beste mota bateko itzulera izan da aurtengoa: goxoa. Erraz disfrutatzen diren kanta propioak jo dituzte —haien hasierako lanetatik hartutakoak batzuk, 1988ko Spread love abestia, adibidez—, baita bertsioak egin ere. Hala, aurten grabatutako beste abesti batzuekin kontraste polita sortu dute. Abesbatza Alvin Cheak, Claude McKnightek, Dave Thomasek, Joel Kibblek, Khristian Dentleyk eta Mark Kibblek osatzen dute, eta denak daude hasiera-hasieratik, horietako bat izan ezik. Stand by me klasikoaren bertsioa jo dute saioa amaitzen zeudelarik, eta gaueko unerik ederrena sortu dute, entzuleen koruen eskutik.Â