Asteazkenean, Amurrioko EH Bilduk iragarri zuen azken bost urteetako udal kontratuen kanpo auditoria eskatuko zuela. Koalizioaren arabera, Amurrioko Udaleko kontu hartzaileak aurkezturiko eragozpen oharretan, irregulartasun kasuak «ez ziren bakanak», eta mozio bat aurkeztu zuten halakoak argitzeko kanpo auditoria eskatzen zuena, hurrengo udalbatzarrean eztabaidatzeko. EAJko Txerra Molinuevo buru duen udalak, ordea, ez du ordura arte itxaron, eta, gaur zabaldutako oharrean, EH Bilduren eskabideari erantzun dio. Udalaren ustez, oposizioko koalizioaren eskaera «ekimen politiko hutsa» da, erakundearen finantzen kontrol mekanismoek «normaltasunez funtzionatzen» baitute.
Gaia «testuinguruan» jartzeko asmoa adierazi du udalak. Azaldu duenez, «ohiko administrazio prozedura» da kontu hartzaileak eragozpen oharrak bidaltzea, eta ez da harritzekoa horietan irregulartasunak agertzea. Aurreko urteko akats gehienak, gainera, «garbiketa zerbitzuaren berrantolatzeari» dagozkiola azpimarratu du udalak, prozesu horretan kontratatu behar izan diren «konponbide iragankorrei», hain zuzen ere. Hortaz, Amurrioko Udalaren ustez, ekimena ez da «behar tekniko» batek eragindakoa, «ekimen politiko bat» baizik, eta «beste udalerri batzuetako eztabaidak» Amurriora eramatea leporatu dio EH Bilduri, «bertako errealitatea kontuan hartu gabe».
Horiek horrela, ez dirudi EH Bilduren mozioak arrakastarik izango duenik hurrengo udalbatzarrean. Izan ere, EAJk eta PSEk kontrolatzen dute Amurrioko Udala, gehiengo osoz, eta EH Bilduko zazpi zinegotziak ez dira nahikoa aipaturiko bi taldeetako bederatzi hautetsien aurkako botoak gainditzeko. Sorpresarik ezean, beraz, proposaturiko kanpo auditoria bere horretan geratuko da, hots, proposamen hutsean.