Kirolaren arloan ere bada LGTBIfobiaren aurkako egun berezi bat. Otsailaren 19an oroitzen da egun hori. Egun horretan betetzen zituen urteak Justin Fashanu futbolari ingelesak; hura izan zen homosexuala zela publikoki aitortu zuen lehen futbolari profesionala, 1990. urtean.
Egun hori aitzakia hartuta, kirolaren arloko LGTBIfobiaren aurkako kanpaina bat abiarazi dute Arabako hainbat kirol elkartek, Arabako Medicus Mundi eta Lumagorri elkarteek sustatuta, Ikusgune behatokiaren sostenguarekin. Araski saskibaloi taldea da parte hartu duten kirol erakundeen artean ezagunena, baina diziplina askotako elkarte ugari batu zaizkio kanpainari:Â Igeriketa Laudio, Itzal taldea, BTT Mercedes Benz, Miaukatuz Kirol Klub, Ingalvi Experience, Amarauna, Club Ritmica Stormy, Jatorkide, Gaztedi, Urgatzi, CDF San Martin eta Hauskaitz, besteak beste.Â
Aurrerapenak eta «gorroto erreakzioa»
Fashanuk berak garesti ordaindu zuen armairutik ateratzea: eraso LGTBIfobikoak tarteko, haren karrera gain behera joan zen, eta 1998an bere buruaz beste egin zuen. Geroztik, «aurrerapen handia» egin da kirolaren arloan LGTBI kolektiboetako kideak onartzeari dagokionez, kanpainaren antolatzaileen arabera. Izan ere, nabarmendu dute legedian izandako hobekuntzek eta klub askoren «konpromisoak» bidea erraztu dutela kolektibokoentzat «atseginagoa» den kirol mundu baterantz joateko.
Hala ere, landare guztiak ez dira lili zelaian, eta belar gaiztoak ere badaude zerumugan. Antolatzaileen hitzetan, eskubideen aurrerapen horrek «gorroto erreakzioa» sortu du gizarteko hainbat arlotan, baita kirolean ere. LGTBI pertsonen aurkako gorroto mezuak «areagotu» direla nabarmendu dute, «joko eremuetan zein harmailetan». Borja Iglesias Celtako futbolariaren kasua jarri dute adibide. Iglesias ez da kolektiboko kidea, baina sarri azaldu da LGTBI kolektiboko kideen alde eta diskriminazioaren aurka, eta hori dela eta «jazarpen kanpaina erreakzionarioak» jasan ditu sareetan.Â

Hori ikusirik, indarkeria matxistaren eta LGBTIfobiaren aurkako konpromisoa erakusten jarraitzen duten kirol kluben eredua balioetsi dute kanpainaren antolatzaileek. Aipaturiko klubek «indarkeria matxistaren aurkako eta LGTBI pertsonen aurkako edozein diskriminazio edo gorroto mezuren kontrako» konpromisoa erakutsi dute kanpainaren bitartez, eta azpimarratu dute hori pauso garrantzitsua dela Araba norberak «nahi duen bizitza beldurrik gabe bizi ahal izango duen lurralde» bihurtzeko. Gaiaren inguruan kanpainak egiten eta kontzientzia sortzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek, kantxetan, igerilekuetan eta harmailetan «guztiek» lekua izan dezaten.Â