Ezohikoa izan zen Arabako zahar etxe pribatuetako lan gatazkaren amaiera, iazko abenduan. Sei urteko mobilizazioen ondoren, Arabako foru aurrekontuen negoziazioek erabat baldintzatuta bukatu ziren greba deialdiak. Izan ere, Elkarrekin Ahal Dugu talde politikoak ezinbestekotzat jo zuen sektorean lan ituna lortzea, EAJ eta PSE-EEren foru gobernuaren aurrekontuak onartzeko. Arnasari eutsi zion batek baino gehiagok, aurrekontu horiek onartzeko epea amaitzear ez baitzen konponbiderik, baina, azkenean, ELAk eta patronalak akordioa iragarri zuten. LAB sindikatuak, ordea, grebaren beste bultzatzaile nagusiak, uko egin zion akordioari, eta uko egin dio gaur sinatuko den behin betiko bertsioan parte hartzeari ere. Ez dute sinatuko, beraz, gaur 13:30ean Lan Harremanen Kontseiluan (Gasteiz) izenpetuko den akordioa.Â
Itunaren arabera, sektoreko langileen soldatak %32,5 igoko dira, eta langileek 1.500 euroko soldata izango dute 2028an, lau urteko akordioaren indarraldia amaitzen denerako. Urtean ehun lanordu gutxiago egitea eta opor egun gehiago izatea ere aurreikusten da akordioan. ELAren esanetan, akordioak sektoreko langileen baldintzak «blindatu» ditu Espainiako hitzarmenek ezarritako baldintza prekarioen aurrean.
LABen ustez, ordea, lorturiko hobekuntzak ez dira nahikoa. Itunak «baldintza onuragarriagoen bermea» ez jasotzea da sindikatuak aurka agertzeko eman duen argudio nagusia. Enpresa batean akordio bidez sektoreko itunak ezarritakoak baino baldintza hobeak izanez gero, berme horrek modua emango luke baldintza hobe horiei eusteko, behin enpresako akordioa iraungita. Horrelako bermerik ez du oraingo itunak, eta, hortaz, baldintza hobeak ziurtatzen dituen akordio hori iraungiko balitz, sektoreko ituna aplikatuko litzaieke langile horiei, eta de facto baldintza okerragoak izango lituzkete. «Egoera hau bereziki larria da, zuzenean eragiten dielako sektoreko langileen ia erdiei», adierazi du LABek. Oraingo hitzarmenak «langileentzako berme nahikorik» ez duela iritzita, beraz, hitzarmena izenpetzeari uko egin diote, eta «berriro egoitza bakoitzean borroka» bultzatuko dutela iragarri.Â