Legutioko saihesbideko lanak amaitu dira, 5,6 milioi euroko inbertsioaren ostean

Foru aldundiak gaur inauguratu du Aramaiorako zirkulazioa Legutio erdigunetik ez pasatzeko modua emango duen saihesbidea.

Legutioko sahiesbidearen inaugurazioa
Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendaria, Nerea Bengoa Legutioko alkatea eta Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren diputatua, Legutioko saihesbide berriaren inaugurazioan. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 12a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain arte, Aramaiotik Legutiora eta hortik Gasteizera jaitsi nahi zuten gidariek Legutioko erdialdetik igaro behar zuten N-240 errepidea hartu ahal izateko, eta beste horrenbeste kontrako noranzkoan. Gaurtik aurrera, ordea, posible izango da A-2620 errepidetik A-623ra igarotzea, Legutioko erdialdera sartu baino lehen, Foru Aldundiak bi errepide horiek lotzen dituen saihesbidearen lanak amaitu baititu. Horri esker, gidariek denbora aurreztuko dute, eta Legutioko hirigunea seguruagoa izango da, bide hori hartzen zuten ibilgailuak erdialdetik aterako baitira saihesbide berri horri esker. 

Kilometro pasatxo du saihesbideak, eta hura eraikitzeko lanak 2023ko azaroan hasi ziren; 20 hilabeteko epean ziren amaitzekoak. 2024an, ordea, Legutioko Udalak iparraldean lotunea gehitzeko eskatu zuen, udalerritik igarotzen ziren ibilgailu astunen trafikoa murrizteko, eta proiektua aldatu zen horretarako. Azkenerako, 5,6 milioi euroko gastua izan du hasiera batean 5,1 milioi euroko aurrekontua zuen obrak. Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin eta Nerea Bengoa Legutioko alkatearekin batera egindako inaugurazio ekitaldian, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak gaineratu du lan horiei esker «hirigunea zeharkatzen duen A-2620 errepidearen zatiaren titulartasuna Legutiori lagako» zaiola, «Karmen kalearen erdiko zatia oinezkoentzako kale bihurtzeko lanak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.