La Leze eta Larreako Gazta saritu dituzte, munduko gaztarik onenen artean egoteagatik

Super Gold saria eskuratu berri dute 2025eko World Cheese Awards nazioarteko lehiaketan. Guztira, 22 domina eskuratu dituzte Idiazabal jatorri izeneko hamasei gaztandegik.

Larreako Gazta gaztandegiaren gaztak. ARTZAI GAZTA
Larreako Gazta gaztandegiaren gaztak. ARTZAI GAZTA
unai etxenausia
2025eko azaroaren 18a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba eta, oro har, Idiazabal jatorri izena duten gaztak berriro ere distiratsu agertu dira 2025eko World Cheese Awards nazioarteko txapelketan. La Leze eta Larreako Gazta gaztandegietako artzainek egindako gaztei aitortza gorena eman die epaimahaiak, Super Gold domina eman baitie. Hala, munduko gaztarik onenen artean daude Arabako bi gaztandegi haiek egindakoak.

Aurten Suitzan egin da lehiaketa erraldoi hori, eta berrogei herrialdetako 5.000 gazta baino gehiago aztertu dituzte nazioarteko adituek, irizpide zorrotzen arabera: itxura, ehundura, usaina eta zaporearen konplexutasuna, besteak beste. Onenen artean ez dira Arabako ekoizleak soilik nabarmendu: Euskal Herri osoko artzainek berriro erakutsi dute beren lanaren maila. Guztira, 22 domina eskuratu dituzte 16 gaztandegik. Zilarrezko zortzi dominak Atekoa, Baztarrika, Dorrea, Eginoko Artzaia, Goine, Iruri, Karasatorre eta La Lezek irabazi dituzte; eta brontzezko bederatziak, berriz, Atekoa, Baskaran, Buruaga, Garoa, Goine, J. Aranburu, La Leze, Orexa eta Troskaetak.

Berezien artean, nabarmenak

La Lezeko gaztandegiak Suitzan eskuratutako Super Gold sariari Ordiziako gazta lehiaketako txapela gehitu behar zaio; irailean irabazi zuten azkenekoz. Izan ere, hamar urtean hirutan gailendu dira Ordizian. Epaimahaiak bere Idiazabal ketuaren kalitatea nabarmendu zuen orduko hartan.

La Leze gaztandegiko Arkaitz Jauregi, Jose Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, garaikurrekin, Ordiziako euskal jaietako azoka berezian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
La Leze gaztandegiko Arkaitz Jauregi, Jose Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, garaikurra eskuan, Ordiziako euskal jaietako azoka berezian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Larreako Gaztak ere urte biribila izan du. Patxi Lopez de Uraldek gidatzen duen gaztandegiak beste behin jaso du Super Gold domina, eta harekin batera urrezko domina ere bai. Haren aita Pascualek hasitako bideari segika, nazioarteko epaimahaiak berriz ere berretsi du Lopez de Uralderen lan bikaina.

Antolatzaileek aldi honetako maila ona nabarmendu dute, eta Euskal Herriko ekoizleen gaitasuna goraipatu, «hain lehiakorra den jokaleku globalean goi mailan mantentzen jakin dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.