Gaztak ez dira berdinak izaten, baina punta-puntan dabiltzan gaztandegien izenak bai. Bosgarrenetik atzera hasten dira sariak banatzen, eta izenak agertuz doazen heinean hasten da estutzen irabazleen izenen zerrenda. Segurako (Gipuzkoa) Ondarre bosgarren, Egozkueko (Nafarroa) Loperena laugarren eta Ipiñaburuko (Bizkaia) Ipiñaburu hirugarren zirela jakin denean, Lekarozko (Nafarroa) Kortaria eta Ilarduiako (Araba) La Leze gelditzen direla ohartu dira adituak segituan, iazko moduan. Eta Kortaria bigarrena zela iragarri dutenean jarri dira ia denak La Lezera begira, iazko moduan. Hangoa izan da aurten ere gazta irabazlea: Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregirena, eta Arkaitz semearena, eta Xune biloba jaioberriarena, amonak besoetan hartua duen horrena. Bada erreleboa. 5.200 euroan erosi du gazta irabazlearen erdia Donostiako Itxaropena jatetxeak. Hamar urtean hiru aldiz irabazi dutenez, Kutxaren Urrezko saria ere irabazi dute La Lezekoek.
Ikusi gehiago
Beti Alai da Ordiziako (Gipuzkoa) frontoia, eta baita irabazten duenaren aldartea ere ia beti, nahiz eta atzerako kontaketa urduri bat izan hangoa. Dastatzera emandako 45 gazten entresaka egin dute dastatzaileek. Pedro Subijana sukaldaria buru dutela aritu dira lanean, eta izan da omenaldirako tarterik ere. Urte askoan epaimahaikide izandako hiru lagun zendu baitira aurten: Jose Mari Ustarroz Idiazabal jatorri izeneko lehendakari ohia, Fermin Leizaola etnografoa eta Luis Lezama Lezama taldeko lehendakaria. Gorazarre egin diete hirurei, aurresku eta txalo artean. Baita Martinez jatetxeko Kontxita Telleria sukaldari zendu berriari aipamena ere.
Ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa da Ordiziakoa. Artzainaren aukera da ketua edo ketu gabe aurkeztea. 22 izan dira aurtengo lehiaketan ketuak. Finalera sailkatutako hamalauren artean, berriz, zortzi; besteak, naturalak. Azken erabakiaren berri eman aurretik jakinarazten dute hamalau horien zerrenda. Hortxe lehen atsekabeak, eta azken-aurreko itxaropenak. Ardiak ez ezik, euren gaztak ere urrutitik ezagutzen dituzte artzainek. Arabakoak dira hiru, Bizkaikoak dira bi, Gipuzkoakoak dira lau, eta Nafarroakoak bost. Arabara joan da txapela.

Lainopean esnatu da Ordizia, eta talo usainak eta trikiti doinuek jaiki dute. «Hotz egiten du, bai. Hamar gradu zeuden Seguran», esan du Eneko Goiburuk, Ondarre gaztandegiko artzainak. Beti Alai frontoi txikian, azken hamar urteetako gazta lehiaketaren irabazleak daude jarrita. Palestinako bandera dute zintzilik Lazkaoko (Gipuzkoa) talogileek. Ilarak daude jada Segurakoen (Gipuzkoa) postuan, eta 10:00ak baino ez dira. Klasikoek diote goiztiarrenak saritzen dituela beti azokak.
Diosalak eta agurrak aspaldi ikusi gabekoei. «Egun-pasa hi ere?». «Bai, bazagok zer ikusi». «Egongo gaituk». Nafarroako eta Arabako Errioxako ardoak talo eta gazta artean. Marketin hobeagorik, nekez. Arropa, bitxi eta artisautza postuak Urdaneta fraidearen eskulturaren alboetan. Eztia, erroskillak eta ogiak. Gozorik ez da falta.
Frutak eta barazkiak Barandiaran plazan. Sagar gozoak, gaziak eta minak. Irasagarren usaina eta lastoarena nahasian. Euskal oiloen erakusketa eta lehiaketa: marradunak, gorriak, beltzak, zilarrak eta lepasoilak. «Hau ikusi beharra dago», esan dio amonak bilobari. «Ekologikoa, dena hobetzeko», jartzen du Fruizko (Bizkaia) Biortzatxus baserriko postuan. «Horrelakoak boladan daude orain», esan du etxekoandreak barazki ernamuinak seinalatuz. Zer ez dute han.

Harri Herri Nekazaritza postuan Barandiaran zenaren irudia osatu dute babarrun zuriekin, beltzekin eta arto gorri aleekin. Haiek irabazi dute aurtengo barazki lehiaketa. «2017an abiatu genuen proiektua, eta 2020an jarri ginen erabat honetara. Oso ongi prestatu dugu lehiaketa, eta jakin genuenean Barandiaran plazan egiten zela, bururatu zitzaidan irudi hori egitea», azaldu du Asier Ordoñok. Uharte Arakilgo nekazariak dira (Nafarroa), Jone Agirre du alboan, eta aurreneko aldiz hartu dute parte Ordizian. Estreinako hoberik, nekez.
Errifak euro batean, «euskararen alde». Errugbi taldekoak oilaskoak ari dira erretzen. Handik gertu, 38 euroan saltzen dituzte onddoak: «Nafarroakoak dira». Ziza horiak, 18 euroan kiloa. Itxuraren eta tamainaren arabera daude sailkatuta. Erosleak bai, jeneroa ez horrenbeste. Amanita caesarea apur batzuk ere bai: gorringoak. «Lehor dago mendia».

Kaleratzeen kontrakoa da aldarria azokako plaza nagusiko sarreran. Amaitu zituzten hango lanak. Asteazkenero parte hartzen duten baserritarrak daude han. Aipamen berezia egin diete aurten, azokara leial etortzen diren baserritarren «esfortzuari» balioa emateko. Euskal jaietako azoka berezia baita Ordizian, eta, arretagunea eta lerroburuak gazta lehiaketak bereganatzen dituen arren, azoka egunak badu bere garrantzia, eta lehen sektorearen erakusleiho eta aldarri ere bada.
«Kontuz kaka zapaldu gabe»: Garagartza plazako ohiko esaldia. Kalekumeak halakoak. Gipuzkoako piriniotar arrazako behi aziendaren erakusketa eta lehiaketa dago han. Lehiaketaz kanpo, idiskoak. Biloba hurritz makila hartuta ari da aitonari laguntzen. Erreleboa badago. Eta eskerrak.