Martxoaren 3ko sarraskiaren erantzuleen afera Espainiako Senatura iritsiko da gertakari horien 50. urteurrenean. Izan ere, EH Bilduk iragarri du ganbera hartan eskatuko diola Espainiako Gobernuari aitortu dezala orduko gobernuak «erantzukizuna» izan zuela eta «rol bat» jokatu zuela 1976ko egun hartan Poliziak Gasteizen egindako sarraskian. Horretarako, Gorka Elejabarrieta talde subiranistako senatariak galdera hau egingo dio gobernuari: «Gobernu honek ofizialki aitortuko al du 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian estatuak izan zuen erantzukizuna?».
Ikusi gehiago
EH Bilduren helburua da Espainiako Gobernuak bere gain har dezala egun hartan hil ziren bost langileen heriotzan izandako erantzukizuna, Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuek antzeko gertaeren inguruan egindako aitortzen bidetik. Hain zuzen ere, EH Bilduk adibidetzat jarri du Erresuma Batuko Gobernuak zer jarrera izan zuen Irlandako Derry hirian Bloody Sundayn izandako hilketak zirela eta. 1972ko urtarrilaren 30ean izan zen Bloody Sunday: Erresuma Batuko armadako soldaduek tiro egin zieten armarik ez zuten zibilei, eta hamalau pertsona hil. 2010ean, ikerketa batzorde batek ebatzi ostean hildako zibilak ez zirela mehatxu eta soldaduek errugabeei tiro egin zietela probokaziorik gabe, David Cameronek, Erresuma Batuko orduko lehen ministroak, barkamena eskatu zuen ofizialki, eta gertakariak «justifikaezinak» zirela aitortu.
EH Bilduren asmoa da Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek antzeko aitorpen bat egitea, baina ikusteko dago gobernuaren erantzuna zein izango den. Orain arteko joerak bere hartan irauten badu, ez dirudi Espainiako Gobernuak aitortzaren aldeko keinurik egingo duenik. Alta, baliteke urteurrenaren indar sinbolikoak orain arteko isiltasuna apurtzea, eta Espainiako Gobernuaren nolabaiteko aitortza lortzea. Espainiako goi ganberaren hurrengo osoko bilkuran egingo du Galdera EH Bilduk. Otsailaren 17an eta 18an da egitekoa osoko bilkura hori.
Ez da aurten Espainiako instituzioei antzeko eskabideak egin dizkioten lehen aldia. Otsailaren 2an, Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu zuten, besteak beste, Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten talde politikoei eskatzeko Sekretu Ofizialen Legearen erreformari bide ematea. Izan ere, Francoren diktaduraren garaian onartu zen lege horregatik daude oraindik sekretupean Martxoaren 3aren inguruko dokumentu ugari. EH Bilduk aurkeztu zuen jatorrizko mozioa, baina erdibideko zuzenketa bat adostu zuen gero EAJrekin eta PSE-EErekin. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ere, eskari horiekin bat egin, eta «egia osoa» argitzeko eskatu zuen Batzar Nagusietan. Nolanahi ere, oraindik ez diete erantzun eskari horiei.