Martxoaren 3rako «herri mobilizazio handia» iragarri dute sindikatu nagusiek

Zaramagatik abiatu ohi den manifestazioaren ordez, Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazara doan ekitaldi bat antolatu dute ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek, Martxoak 3 elkartearekin batera.

Steilas, ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak, Martxoak 3 elkarteko presidente Jose Luis Martinez Ocio ondoan dutela, Gasteizen egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Steilas, ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak, Martxoak 3 elkarteko presidente Jose Luis Martinez Ocio ondoan dutela, Gasteizen egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko otsailaren 9a
13:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilean zehar zenbait erakunde eta elkartek 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ekitaldiak iragarri dituzte, bakoitzak bere aldetik. Oraingo honetan, ordea, sindikatu nagusiek aurtengo Martxoaren 3rako egitarau bateratua iragarri dute, Martxoak 3 elkartearekin batera. Arratsaldean hildako langileei eskainitako monumentuan egiten den lore eskaintzari bere horretan eutsiko diote, baina berritasun nabarmen bat izango da, Zaramagatik abiatu ohi den manifestazioa Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren artean egingo den «herri mobilizazio handi» batek ordezkatuko baitu.

Gasteizen egindako agerraldian, LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, ESK-ko kide Jabier Saenzek eta Steilaseko ordezkari Oihana Saez de Castillok hartu dute parte. Alboan izan dute Jose Luis Martinez Ocio, Martxoak 3 elkarteko lehendakaria. Zaramagako San Frantzisko elizaren ondoan bildu dira, biktimen aurpegiak irudikatzen dituen hormaren aurrean, eta sindikatuetako eta elkarteko kideek osaturiko kartel hesia izan dute atzean zaindari deklarazioak egiten zituzten bitartean.

Borroka bat eta bakarra

Orain arte egin bezala, Martxoaren 3ko gertakariak gaur egungo langile borrokarekin lotu dituzte sindikatuetako ordezkariek. Batez ere, Euskal Herriko pentsiodunen borroka eta martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa exijitzeko Hego Euskal Herrian egingo den greba orokorra aipatu dituzte. Aurtengo Martxoaren 3a «mobilizazio ziklo zabal» baten testuinguruan kokatu dute, aipaturiko greba orokorra edo martxoaren 8ko mobilizazio feministak tarteko.

Martxoaren 3aren 50. urteurrenean, egun hori «memoria historikoa munduko txoko guztietako desberdintasunari, indarkeriari eta injustiziari aurre egiteko tresna ere badela» aldarrikatu dute ordezkariek. Aurtengo mobilizazioetarako hautatu duten leloa interpretazio horrekin bat datorrela ere azaldu dute. Izan ere, M3moria. Antolakuntza. Borroka. lelopean mobilizatuko dira sindikatuak egun horretan: «M3moria. Egia, justizia erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijitzeko. Indar kolektiboa eraikitzeko Antolaketa. Eskubideak konkistatzeko Borroka».

Ezohiko egitaraua

Bestalde, urteurren sinbolikoari beharrezko garrantzia emateko, eguneko mobilizazio tradizionaletan aldaketa nabarmena izango dela iragarri dute. Arratsaldeko bostetan hildako langileei eskainitako monolitoaren aurrean egiten den lore eskaintzari bere horretan eutsiko diote, inguruan ikusten den anabasak ekitaldi hori posible ote den aurreikustea zailtzen badu ere. Izan ere, obretan dago Vicente Manterola kalea, hesiz inguratuta, eta monolitoa ez dago ohiko lekuan, lanak egiteko lurretik atera baitute. Gasteizko Udalaren arabera, lanak amaiturik egongo dira martxoaren 3rako, baina sindikatuetako eta Martxoak 3 elkarteko ordezkariak ez dira hain baikorrak. Ikusteko dago ea ordurako lanak guztiz amaituta dauden.

Hala ere, lore eskaintzaren ondoren etorriko da berritasunik handiena. Izan ere, Zaramagatik bertatik, elizaren ondotik, ateratzen zen manifestazioa antolatu ohi zuten urtero sindikatuek. Frantzia kaletik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren plazaraino iristen zen manifestazio hura. Aurten, ordea, protesta ez da Zaramagatik abiatuko, haren ordez Katedral Berriaren eta aipaturiko plazaren arteko «espazioa hartuko duen herri mobilizazio handia» iragarri baitute sindikatuek 18:30erako. Plazan «ekitaldi nagusia» izango da, «Martxoaren 3arekin konprometitutako hainbat artistaren» parte hartzearekin.

Ekitaldiaren nondik norakoak eta parte hartuko duten artisten izenak ez dituzte iragarri oraindik, baina ekitaldi jendetsua espero dute sindikatuek. Mobilizazioak «espazio segurua» izan beharko lukeela nabarmendu dute batez ere. Horretarako, adin eta mota guztietako jendea parte hartzera animatzeaz gain, Ertzaintzari «bermeak» eskatu dizkiote, eta iritzi diote ezin dela errepikatu beste urte batzuetan Poliziak Martxoaren 3ko ekitaldien inguruan izan duen jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA