Martxoaren 3ko sarraskia

Martxoak 3 elkarteak unitate didaktiko berritua aurkeztu du Gasteizen

Borinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argote bigarren hezkuntzako irakasleek garatu dute Proiektua. 2014an egindakoa berritu eta askotariko materiala bildu dute webgune batean.

Unitate didaktikoko lehen saioko aurkezpen diapositiba. Martxoaren 3ko gertakariak giza eskubideekin lotzen dira lehen aurkezpen saioan. MARTXOAK 3 ELKARTEA
Unitate didaktikoko lehen saioko aurkezpen diapositiba. Martxoaren 3ko gertakariak giza eskubideekin lotzen dira lehen aurkezpen saioan. MARTXOAK 3 ELKARTEA
unai etxenausia
2025eko urriaren 29a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak unitate didaktiko berritu bat aurkeztu du gaur Gasteizen, 2014an sortutako materiala eguneratu eta osatzeko helburuarekin. Borinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argote bigarren hezkuntzako irakasleek garatu dute proiektua, Irale programaren bidez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat pentsatua dago, Komunitaterako Proiektuak ikasgairako bereziki. Unitate didaktiko berriak, gainera, mailen arteko lankidetza bultzatzen du: 4. mailako ikasleek euren ikerketen emaitzak 2. mailakoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte.

Amaiur Arbe Arrieta eta Miren Rodrigo Argote, gaur, Gasteizen, unitate didaktiko berria aurkezten. MARTXOAK 3 ELKARTEA
Amaiur Arbe Arrieta eta Miren Rodrigo Argote, gaur, Gasteizen, unitate didaktiko berria aurkezten. MARTXOAK 3 ELKARTEA

Berrikuntzaren ideia iaz sortu zen Ekialdea BHI institutuan, eta aurten webgune baten bidez jarri da eskura, paperezko materialak ordezkatuta. Plataforma digitalean askotariko materialak daude, besteak beste, komikiak; galdetegiak; Vitoria, 3 de marzo filma; aurkezpenak eta azalpen teorikoak. Material berria egiteko, aurreko urteetako edukiak berrerabili dituzte, eta Xabier Sagastaren komiki irudiekin osatu dute.

Rodrigok azaldu duenez, «Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa ikasleekin lantzea da helburu nagusia, giza eskubideen urraketatik abiatuta». Beraz, proiektuak belaunaldien arteko transmisioa du ardatz, eta ikasleen ikerketa lanen bidez sortutako testigantza bildumak ezagutaraziko dira, memoria historikoa eta sentsibilizazioa sustatzeko.

Elkarteak beharrezkotzat jo ditu halako lanak, sarraskia ezagutarazten eta Gasteizen gertatutakoaz kontzientzia pizten laguntzen dutelako. Amaiur Arbe Arrieta elkarteko kideak material horien garrantzia nabarmendu du: «Elkartearen funtsezko ardatzetako bat da belaunaldi gazteenei azaltzea zer gertatu zen 1976ko martxoaren 3an. Bisitei eta halako baliabideei esker, memoria bizirik mantentzea lortu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.