Urtarrilaren 15etik greba mugagabean zeuden Gasteizko Mercedes-Benzeko 27 suhiltzaileak. Azpikontratuta zeuden, eta Previnsa enpresarentzat lan egiten zuten. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Mercedesek Previnsarekin zuen kontratua etetea erabaki du gaur, eta, hala, kalean geratu dira 27 langileak. ELAren aburuz, greba eskubideen «urraketa larria» da hori. Sindikatuak harridura azaldu du, akordioa lortzeko negoziazioak «oso aurreratuta» baitzeuden.Â
Lan gatazkan Mercedesek izandako jarrera ere salatu du ELAk. Sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak hainbatetan esku hartu du, eta «oso larritzat» jo ditu enpresaren hainbat jokabide.
Mercedesekin zuen kontratua eteteko eta langile guztiak kaleratzeko erabakia «zerbitzuen ez betetzea» aipatuz justifikatu du enpresak. ELAren ustez, ordea, grebaren testuinguruan ezin daiteke aplika argudio hori.