Mildiu. Izen exotiko horren atzean koktel edo edari atseginen bat ezkutatzen dela pentsa liteke. Balizko edabe hori edango lukeenak, ordea, laster luke pozoia barrenean, ez baita freskagarri marka bat mildiua, mahatsari eragiten dion onddo edo patogeno arriskutsua baizik. Hain arriskutsua, non XIX. mendean Europako mahasti ia guztiak suntsitu baitzituen. Mahastietako hostoetan agertzen dira orban hori-berdeen bitartez ageriko egiten den gaixotasun horrek kalteak sortu ditu azkenaldian Euskal Herrian, Arabako Errioxako mahastietan batez ere, eta horren aurkako «neurriak» hartzeko eskatu diote Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari.
Neurri horietan nabarmenena da mildiua gaixotasun «aseguragarri» izan dadila bermatzea. Izan ere, gaur egun aseguru etxeek ez dute gaixotasun hori beren polizetan sartzen, eta, hortaz, mildiuaren ondorioz uzta galtzen duten ekoizleek beren kasa egin behar diete aurre gaitzak sortutako kalteei. Hori saihesteko, gaixotasun hori aseguragarri izatea bermatzeko eskatu diote aldundiari EAJk, EH Bilduk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k gaurko Nekazaritza Batzordean adosturiko mozioan.
Inpakturik azkarrena izan dezakeen neurria hori bada ere, ez da hori Batzar Nagusiek aldundiari egin dioten eskaera bakarra. Izan ere, mozio horretan bertan, «klima aldaketak lehen sektorean dituen nekazaritza eta abeltzaintzako ondorioei» buruzko «ikerketak» bultzatzeko eskatu diote aldundiari, baita «laborantza gorabeherei erantzuteko arau esparrua» garatzeko ere. Bide horretan, mildiuaren eta antzeko gaitzen aurrean ekoizleei abisua emango dien «alerta meteorologikoko zerbitzu bat» sortzeko ideia plazaratu dute mozioan.