Iazko abenduan aurkeztu zuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoak Batbatean izeneko musika jaialdi berria. Aurtengo maiatzaren 15ean eta 16an Mendizabalako esparruan egingo dute. Festibala aurkeztu berritan, jaialdiaren kartelak 21 musika talderen eta bost DJren izenak biltzen zituen. Gaur bertan, ordea, parte hartuko duten beste dozena erdi bat talderen izenak jakinarazi dituzte antolatzaileek, eta otsail aldera argitaratuko den behin betiko kartelean berrogei artistatik gora agertuko direla nabarmendu.
Izen berrien artean, nabaria da tokiko talentuaren eta talde berrien aldeko apustua, artista gazteen izenak azpimarratu baitituzte antolatzaileek. Horrela, baieztapen berrien artean Gasteizko bi talde nabarmendu nahi izan dituzte: batetik, Mirotz hirukotea —Lore bat landatzeko izeneko lehen EPa argitaratu berri dute—, eta, bestetik, Annekdodas musika proiektua —rap, trap eta reggaeton generoak mezu feministarekin nahasten ditu—.
Horiek ez dira, ordea, jaialdian parte hartuko duten talde bakarrak: Aretxabaletako (Gipuzkoa) Kaparrak taldea, Donostiako Brava eta Sedientos de Cumbia eta DJ Reimy nafarrak ere batu dira jaialdira. Sarrerak abenduaren 16an jarri zituzten salgai www.batbatean.eus webgunean, eta antolatzaileek jakinarazi dute urtarrilaren 15etik aurrera garestitu egingo direla.