Munduan bizikleta gehien erabiltzen duten hirien artean dago Gasteiz

27. postuan dago Arabako hiriburua, 2025eko Copenhagenize Index sailkapenean. Zerrendan sartu den Euskal Herriko lehen hiria da.

Bi txirrindulari, Gasteiz hiribidean. GASTEIZKO UDALA
Bi txirrindulari, Gasteiz hiribidean. GASTEIZKO UDALA
unai etxenausia
2025eko azaroaren 19a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiztarrek betidanik izan dute bizikletaz mugitzeko ohitura. Kalean ikusten dena egiaztatu dute gaur: Gasteiz munduko 30 hiri aurreratuenen artean jarri da bizikleta bidezko garraioan, 2025eko Copenhagenize Index sailkapenean; zerrenda horretan sartu den Euskal Herriko lehen hiria da. 144 hiriren artetik, 27. postuan sailkatu da Gasteiz, bizikletaren erabileran nazioarteko erreferente direnen ondoan: Stockholm (26), Munich (17), Lyon (14) eta Estrasburgo (13). Gainera, beste hiri garrantzitsu batzuk gainditu ditu, hala nola Vancouver (30), Brusela (32), Londres (33), Manchester (34), Bartzelona (42) eta Glasgow (46).

Captura de Pantalla 2025 11 19 a las 15.30.22
2025eko Copenhagenize Index sailkapena; 27. postuan dago Gasteiz. GASTEIZKO UDALA

Txostenean jasotakoaren arabera, Gasteiz «eraldaketa jasangarria sustatzen ari diren hirien artean dago, azpiegitura, segurtasuna, zerbitzuak, plangintza eta herritarren parte hartzea uztartzen baititu». Garapen horrek modua ematen du bizikleta eguneroko garraiobide eraginkor gisa eta bizi kalitatearen aldeko tresna gisa normalizatzeko.

Beatriz Artolazabal Eremu Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, «mugikortasun jasangarriaren estrategian bultzada garrantzitsua» dakar sailkapen horretan egoteak. Gogorarazi du, gainera, udalak urte luzez inbertitu duela «beharrezko azpiegituretan; bizikleta garraiobide eroso, erakargarri eta segurua bihurtzeko». Gasteiz, Artolazabalen esanetan, etengabeko prozesuan dago bizikleta sarea handitzeko eta hobetzeko, auzoak eta erdigunea lotuz eta industrialdeetarako sarbideak indartuz: «Laneko joan-etorriak modu garbiagoan egiteko».

Horrekin lotuta, VG Biziz sareko «aparkaleku seguruen» garrantzia azpimarratu du: «Bizikleta gordetzeko irtenbide seguruak funtsezkoak dira aurrera egiteko». Era berean, udalak aurrera eramango dituen egitasmo berriak iragarri ditu. Bizikleta elektrikoen alokairu sistema publikoa aipatu du horien artean.

«2.000 autoren zirkulazioa murriztuz»

Udalak beste datu esanguratsu batzuk aurkeztu ditu: «Gasteiz hiribideko bidegorriari esker, 2.000 autoren zirkulazioa eta 400 kilo CO2 baino gehiago isurtzea saihesten da egunero». Europa jauregiaren parean dauden bi neurgailuek jasotako informazioaren arabera, 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 11ra bitartean, bizikleta edo patinete bidezko 873.542 joan-etorri erregistratu dira —batez beste, egunean ia 3.000 erabilera—. Tranbiaren ondoan dagoen neurgailuak 530.070 zenbatu ditu, eta errekaren espaloian kokatutakoak, 343.472.

VG Biziz bizikleten aparkalekuak. GASTEIZKO UDALA
VG Biziz bizikleten aparkalekuak. GASTEIZKO UDALA

Azkenik, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Teodoro Dublang kalearen arteko bidegorri zatiaren berritze lanak hasi dituela jakinarazi du udalak.  Proiektu horren helburua da «bidegorria espaloitik galtzadara eramatea, oinezkoekiko bizikidetza hobetzeko eta txirrindularien erosotasuna handitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.