Martxoaren 3ko gertakariak jazo eta gutxira, Lluis Llach artista kataluniarrak Campanades a morts (Hil kanpaiak) izeneko abestia argitaratu zuen, egun hartako sarraskian hildakoen omenez. Geroztik, egun hartako biktimen omenez eginiko 46 abesti identifikatu ditu Martxoak 3 elkarteak, eta, hain justu, ikusita musikak zer-nolako garrantzia izan duen gertakarien inguruko memoria bizirik iraunarazteko orduan, elkarteak lekua egin dio kultur adierazpen horri ere Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan, eta horretarako antolatu dute M3moria Zuzenean jaialdia.
Gaur plazaratu dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egingo den jaialdiaren kartela, eta pisu handiko talde eta artistak izango dira bertan. Izan ere, Olaia Inziarte nafarra eta Gasteizko Izaki Gardenak taldea bilduko dira han martxoaren 13an, besteak beste. Haiekin batera, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Nhil taldeak ere parte hartuko du. Talde horien kontzertuen ondoren, Beat Artean taldeak biniloak jarriko ditu. Sarrerak urtarrilaren 29an jarriko dituzte salgai, 20 euroren truke.