Ertzaintzaren presentzia handia izan zen atzo Errekaleorreko (Gasteiz) auzoan. Errekaleor Bizirik elkartearen arabera, poliziak URSSA eta EGA fabrika abandonatuetan bizi diren etxegabeak «instrumentalizatu» zituen, haiek aitzakia hartuta auzoan esku hartze «neurrigabea» egiteko. Auzoko bizilagunek BERRIAri kontatu diotenez, eguerdi aldean fabrika horietan bizi diren dozena bat lagun agertu ziren, auzoko etxebizitza batean sartu nahi zutela esanez. Bizilagunek azaldu zieten prozesu bat bete behar dela bertan bizitzeko, baina etxegabeek esan zieten Poliziak berak «bidali» zituela Errekaleorrera, han etxe batean sartzeko aukera izango zutela eta. Hain zuzen ere, etxegabeen presentzia «aitzakia» modura hartuta, Ertzaintza azaldu zen, etxegabeei jada bizilagunak zituen etxe batean sartzen laguntzeko asmoz.
Ez zuten lortu, baina etxegabeak birritan itzuli ziren, jarrera gero eta oldarkorragoan, Ertzaintza ondotik zutela betiere, eta borrokak izan ziren bizilagunen eta etxegabeen artean. Hainbat zauritu izan baziren ere, Errekaleor Bizirik elkarteak salatu du Poliziak, lagundu ordez, jarrera «oldarkorra» izan zuela une oro, eta auzokideak «kriminalizatzeko» aprobetxatu zuela abagunea, haietako asko identifikatu eta miatu baitzituzten. Bizilagunek Poliziaren «eraso larritzat» jo dute atzokoa, eta Ertzaintzari eta hainbat hedabideri leporatu diete aipaturiko etxegabeen zaurgarritasunaz baliatzea Errekaleorren aurka egiteko.
Auzoko bizilagunen arabera, eguerdiko ordu bietan hasi ziren gertakariak. «Hamabi bat lagun» agertu ziren orduan auzoan, URSSAko fabrika abandonatuan bizi diren etxegabeak, Errekaleorreko etxebizitza batean sartu nahi zutela esanez. Bizilagunek azaldu zieten zer prozesu egin behar den auzoan bizitzen jartzeko, eta, gero, proposatu zieten bizitzeko erabil zitzaketen inguruko etxebizitza hutsak erakustea. Halaxe egin zuten, baina, etxe horiek ikusi ondotik, lekukoen arabera, Ertzaintza agertu zen auzoan. «Etxebizitza baten aurrean jarri ziren ertzainak, eta esan ziguten etorri ziren etxegabeek gauzak han sartzen bazituzten han gera zitezkeela», kontatu du lekuko batek harrituta —ez du izen-abizenik eman nahi izan—. «Ematen zuen Ertzaintzak etxe hori okupatzen lagundu nahi ziela», gehitu du. Poliziak zioen etxebizitza hutsik zegoela, baina, auzoko bizilagunen arabera, hainbat pertsona bizi dira hartan.
Azkenean, ordea, eraikinaren beheko solairua oso egoera txarrean zegoela eta, URSSAtik etorritakoek uko egin zioten bertan sartzeari, eta haiekin batera alde egin zuen Ertzaintzak. Arratsaldean itzuli ziren URSSAkoak, «hamabost pertsona» oraingoan, jarrera askoz «erasokorragoarekin». «Etxeetako ateei ostikoka hasi ziren, sartu nahian», oroitu du lekuko horrek berak. Bi etxetan sartzen saiatu ziren, eta auzotarrek azpimarratu dute horietan guztietan jada bizilagunak bazirela, ez zirela etxe hutsak. Berriro agertu zen Ertzaintza auzoan, «neurrigabeko» esku hartzea eginda, auzotarren arabera. Alta, URSSAko etxegabeek ez zuten lortu etxeetan sartzea, eta berriz ere alde egin zuten, baita poliziak ere.
Borroka eta zaurituak
Goizaldeko ordu bata aldera jo zuen goia tentsioak. «25 edo 30 pertsona» agertu ziren orduan, «makilak eta burdinazko barrak eskuan, harriak jaurtitzen». Etxeetan sartu nahi zuten etxegabeen eta auzotarren arteko gatazka sortu zen orduan. Gasteiz aldeko jendeari dei egin zieten bizilagunek, laguntza eske, eta guztien artean lortu zuten erasotzaileak botatzea. Auzoko bizilagun ugarik, ordea, zauriturik amaitu zuten, horietako batek «larri». Anbulantziari dei egin zioten zauritu larri horri laguntzeko, eta anbulantziarekin batera heldu zen Ertzaintza. Poliziak jarrera «surrealista» eta «probokatzailea» izan zuela salatu zuten lekukoek: auzotarrak eta bertaratu ziren gasteiztarrak identifikatzeari ekin zioten, eguerdian eta arratsaldean egin bezala. «Hamarnaka lagun identifikatu eta miatu zituzten, horretarako inolako motiborik gabe», kritikatu dute auzotarrek.
«Zaurituta zegoen kideari lagundu ordez, guri iseka egiten aritu ziren ertzainak: 'Hain gustuko baduzue zuen kasa ibiltzea, kudeatu zuek hau ere', bota zigun batek», oroitu du lekuko batek. Errekaleor Bizirik elkarteak salatu duenez, Poliziaren «eraso larria» da atzoko gertaera, herritar zaurgarriak «instrumentalizatu» baititu Ertzaintzak, elkartearen arabera, haien proiektuari «eraso» egiteko. Gertaera hori duela aste batzuk Voxek auzoan egindako agerraldiarekin lotu du Errekaleor Bizirik-ek. «Atzo etorri ziren ertzainetako asko Voxekoak etorri zirenean egon ziren berberak dira, eta jarrera bertsua erakutsi zuten ordukoan ere», azaldu du bizilagun batek.
Elkartekoek salatu dute bere egin dituela Ertzaintzak eskuin muturreko alderdi horren diskurtso «xenofobo eta arrazistak». Halaber, deitoratu egin dute gertakariak «kanpoko eta bertako okupen» arteko liskar gisa deskribatu izana hedabideetan, eta salatu «hedabide eta alderdi batzuek» kanpaina bat egiten ari direla auzoko proiektua «arrazista» balitz bezala irudikatzeko. Hain zuzen ere, azken orduetan Vox alderdiak hainbat argitalpen egin ditu bere sare sozialetan, «okupa magrebtarren eta okupa abertzaleen arteko gatazka» aipatuz Gasteizko Udala eta Espainiako Gobernua kritikatzeko. Antzeko jarrera erakutsi dute PPkoek, Gasteizko Udala seinalatzeko erabili baitute gertaera, eta «PSOE-EAJ-EH Bilduren Gasteizen endekapen okupa kontrolik gabea» salatu.