Protesta artean egin dute Aiaraldeko industria garatzeko mahaiaren lehen bilkura

Ramiro Gonzalezek aitortu du eskualdeak enpresak eta enpleguak galdu dituela, baina erantsi du «Euskadiko motor industrialetako bat» dela oraindik. SOS Aiaraldeak eta Maderas de Llodioko grebalariek protesta egin dute bilkuraren atarian.

Protesta artean sartu da bilkurara Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia. AIARALDEA.EUS
Protesta artean sartu da bilkurara Ramiro Gonzalez ahaldun nagsusia. AIARALDEA.EUS
unai etxenausia
2025eko azaroaren 26a
15:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiaraldeko industria suspertzeko eta eskualdeko adierazle sozioekonomikoak hobetzeko konponbide bila jarraitzen du Arabako Foru Aldundiak. Horretarako, Aiaraldeko industria garatzeko mahaia sortzea proposatu zuen duela hilabete, eta gaur egin dute lehen bilera, Amurrioko Refor Enpresaldean. SOS Aiaraldea mugimenduak eta Maderas de Llodioko grebalariek protesta egin dute bilkuraren atarian, eta gutun bat eman diote Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari.

30en bat eragile elkartu dira Amurrion, haien artean erakundeak, enpresetako ordezkariak, sindikatuetakoak eta gizarte zibilekoak. Haien helburua da diagnostiko partekatu bat adostea eta ibarraren etorkizun industrialaren aldeko itun handi baten oinarriak ezartzea. Beren arteko elkarlana sustatzeko eskatu die ahaldun nagusiak: «Elkarrekin lan egin behar dugu Aiaraldean proiektu industrialak errotzeko». 

Parte hartzaileen artean ez dira ELA eta LAB izan. Izan ere, haien esanetan, «propaganda» egiteko besterik ez da mahaia, baina nekez balioko du beste ezertarako, aurrez martxan jarritako beste egitasmo batzuk bezala. Gainera, gogorarazi dute eskualdean lan gatazkak izan direnean foru erakundea langileen aurka lerratu izan dela.

Aiaraldeko industria garatzeko mahaiaren lehen bilera, gaur goizean, Amurrioko El Reforren. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Aiaraldeko industria garatzeko mahaiaren lehen bilera, gaur goizean, Amurrioko Reforren. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Mahaiaren helburua da eskualdeko industriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egitea eta sektorea indartzeko neurri zehatzak adostea; hots, eskualdean hedatuta dagoen ezkortasun giroan argi printza bat agerraraztea. Gonzalezek berak gidatu du lehen bilera; ekinaldi berriaren garrantzia nabarmenduz hasi du mintzaldia: «Aiaraldearen orainean eta etorkizun industrialean sinesten dugulako aktibatu dugu mahai hau. Gaurko helburua oinarriak finkatzea da, entzute eta lankidetza prozesu bat egiteko». Industriaren etorkizuna bermatzeko lau oinarri proposatu ditu: berrikuntza, jasangarritasuna, talentua eta elkarrizketa soziala.

Eskualdeko lantegiak itxiz doaz, eta lanpostuak desagertuz: ez da egoerarik onena. Saioan zehar argi-itzalak erakusten dituzten datu sozioekonomikoak aurkeztu ditu Gonzalezek. «Aiaraldea Arabako eta Euskadiko motor industrialetako bat da oraindik ere, BPG industrialari ekarpen garrantzitsua egiten baitio, eta Bilborekin eta Gasteizekin lotzen duen kokapen estrategikoa baitu, bai eta azpiegitura logistikoak ere, hala nola Bilboko portua eta Jundizko intermodala. Trakzio enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertain asko ditu, baita industriarekin lotura handia duten lanbide heziketako zentroak ere».

Baina beheranzko joeran segitzen du eskualdeko industriak. Azken hamarkadan, lehiakortasuna «moteldu» egin da. «Pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, industria enpresak eta enpleguak galdu dira; inbertsioa apaldu egin da; eta proiektu berrietarako eskuragarri dagoen industria lurzorua faltan dago», aletu ditu ahaldun nagusiak.

Baikor daude

Baikortasun printzak ere badaude, ordea. Gaurko bileraren atarian Aiaraldeko enpresa eta autonomoen elkarteek egindako inkestaren arabera, sektorearen aurreikuspenak onak dira: hamar enpresatik zortzik uste dute aurten salmentak iazko mailan edo gorago amaituko dituztela.

Datorren urteari begira ere, gehienek baikor jarraitzen dute, eta soilik %15ek espero dute egoera okertzea. «Eskualdeak oraindik abantaila lehiakorrak ditu, hala nola kokapena, enpresa ehuna eta industria establezimenduen tamaina, eta nazioartekotze handia; Aiaraldeko enpresen %8k filialak dituzte atzerrian».

Hurrengo bilkura 2026ko urtarrilean egingo dutela iragarri du aldundiak: «Aiaraldearen etorkizun industrialerako itun handi baterantz aurrera egiteko».

Protesta kanpoaldean

Polemika ere ez da falta izan. Bilkuraren atarian, SOS Aiaraldea mugimenduak eta Maderas de Llodioko grebalariek protesta egin dute, eta gutun bat helarazi diote Gonzalezi.

Gonzalezi gutuna eman dioten unea. AIARALDEA
Gonzalezi gutuna eman dioten unea. AIARALDEA.EUS

Mugimenduak azaldu duenez, eskualdeko langile klasearen izenean jardun dute grebalariek, eta «mesfidantzaz» begiratzen diote sortu berri den mahaiari. «Ezin da etorkizunaz hitz egin oraina arriskuan egonik», eta iruditzen zaie erakundeek «beste alde batera begiratzeko duten joera luzearen aurpegi zuriketa bat» dela ekinaldia.

Protestariek ziurtatu dute bilkura «berandu» iritsi dela, eta ez dela nahikoa eskualdeak dituen arazoei erantzuteko. Beraz, gaur egungo arazo eta gatazkei irtenbidea emateko eskatu dute entregatutako testuan, eta bilerako gai zerrendan egon beharko luketen lau gai zerrendatu: «Kaleratzeak gelditzea, deslokalizazioak gelditzea, borroka ez kriminalizatzea, eta inbertsio errealak egitea».

Ahaldun nagusiak gutuna eskuan hartu eta hala sartu da bilkurara. Bien bitartean, SOS Aiaraldeako ordezkariek iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.