Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek, Tubos Reunidos «oso egoera zaiean» dagoela adierazi du. Gaur egindako prentsaurrekoan, enpresaren zorrak berregituratzeko urratsa egiteko eskatu dio SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateari. Ahaldun nagusiaren esanetan, siderurgia enpresak hirurehun milioi euroko zorrak ditu guztira, eta horietatik 150 milioi SEPIk 2021ean emandako mailegu bati dagozkio. SEPIk dio Bruselak debekatu egiten duela zorrak barkatzea, hori «legez kanpoko laguntza» litzatekeelako, eta interesak jaistea nahiz ordainketa epeak luzatzea baino ez du eskaintzen.
Gonzalezek azaldu du azken asteetan ez dela berritasunik izan prozesuan, bihar Welspun talde indiarrak enpresarekin bilera izango duen arren. Datorren hilean bost erosketa eskaintzen artean «erabakitzeko epea» hurbiltzen ari denez, «aukera guztiak aztertzeko» deia egin dio SEPIri. Izan ere, gogorarazi du konkurtso administrazioak posible ikusten duela zor murrizketa bat egitea. «Erosle guztiek SEPI mugituko dela espero dute», gaineratu du.
Irtenbide «bideragarri» bat
Bestalde, Fronte Zabalak ere SEPIri eskatu dio irtenbide «bideragarri» bat bilatzeko, Tubos Reunidosen etorkizun industriala eta lanpostuak bermatzeko. Aiaraldeatik, Jose Damian Garcia-Moreno eta Edurne Garcia hautagaiek Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete Tubos Reunidosen kapital sozialean esku hartzeko. SEPIk zor osoa edo zati bat «kapitalizatzea» nahi dute, Amurrioko, Langraiz Okako (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegiak «arriskuan ez jartzeko». Garcia-Morenok azpimarratu du krisiak ezin direla kaleratze eta itxieren bidez konpondu, eta erakunde publikoek enpresetan parte hartu behar dutela gogorarazi du.Â
Ildo horretan, Garciak nabarmendu du industria defendatzea langileen soldatak, eskubideak eta erabakietan parte hartzeko gaitasuna babestea dela. Ohartarazi du euskal industriari eragiten dioten erabaki asko estatu mailan hartzen direla, eta merkatuaren interesen aurrean langileentzat «baliagarria» izango den ezkerra beharrezkoa dela. «Aurrerapausoak egiteko erabakiak baldintzatu egin behar dira», gaineratu du.