Sidenorrek lau langile bidegabeki kaleratu zituela ebatzi du epaileak

Enpresak kalte ordain handiagoak ordaindu beharko dizkie lan gatazka baten harira kaleraturiko langileei, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.

Sidenor enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sidenor enpresako langile bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 24a
14:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sidenor enpresak Gasteizko lantegitik kaleraturiko azken lau langileek kalte ordain handiagoak jasoko dituzte orain, epaile batek haien kaleratzea «bidegabea» izan zela ebatzi ostean. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresako tailer hidraulikoa osatzen zuten lau langileak «arrazoirik gabe» kaleratu zituen Sidenorrek, lan gatazka baten harira, gainera.

Izan ere, langileek aitortu gabeko funtzioak eta lan baldintza «bidegabeak» salatu zituzten. Enpresak haien eskaerak «onartu» zituen, eta sei hilabetean soldatak gainerako mantentze tailerretakoekin berdintzeko gehigarriak ordaindu zizkien langileei. Denbora hori igarota, ordea, enpresak jokabidea aldatu zuen, «jazarpen» kanpaina bat abiarazi eta langile horiei hainbat diziplina espediente ireki baitzizkien. 

Espediente horiek langileen kaleratzea izan zuten emaitza. Epaileak otsailean ebatzi zuenez, ordea, ez zegoen langileak kaleratzeko «inolako arrazoirik», eta, hortaz, espediente horiek ez ziren balekoak. Ondorioz, kalte ordain handiagoak ordaindu beharko dizkie orain enpresak behargin horiei.

Aurreko ostiralean, antzeko kasu bat epaiketara iritsi gabe ebatzi zen, Sidenorrek kaleratze bat bidegabea zela onartu eta langileari kalte ordaina %40 handitzea adostu ostean. ELA sindikatuak emaitza horiek goraipatu ditu, eta horrelako kasuei aurre egiteko «antolakuntza kolektiboaren beharra» azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA