Talde «mitikoa» dela adierazi dute antolatzaileek. Publizitatearen arauek askotan hiperbolera jotzen badute ere, zaila da Sun Ra Arkestrak adjektibo hori merezi ote duen eztabaidatzea: Sun Ra teklista eta konpositoreak 1950eko hamarkadan Pennsylvanian (AEB) sortutako jazz taldeak historia luzea du atzean, eta afrofuturismoaren aitzindari izateagatik da ezaguna. Ehun albumetik gora grabatu ditu, eta haren zuzeneko koloretsu eta heterodoxoek ospea eman diote generoaren barruan. Sun Ra bera 1993an hil zen, baina taldeak aurrera egin du hura gabe ere. Gaur iragarri dute Gasteizko Jazzaldiko antolatzaileek jaialdi horren barruan joko duela talde entzutetsuak.
Ibilbide luzea gorabehera, osasun betean da taldea, haren azken albumak, Lights On A Satellite izenekoak, Grammy sarietarako izendapena jaso baitu. Album horren harira, hain zuzen, nazioarteko bira egiten ari da taldea, taldekideen hitzetan, «bira intergalaktikoa», eta horren barruan emango du Gasteizen kontzertua, Jazzaldiaren barruan, uztailaren 16an.
Sun Ra Arkestra ez da, ordea, jaialdira batu den talde bakarra. Izan ere, Mendizorrotzako agertokiko behin betiko programazioa iragarri dute antolatzaileek, eta Irene Reigen laukotea eta Magali Sarek eta Manel Fortiak osaturiko bikotea ere batu zaizkie lehendik jakinarazitako izenei. Aurretik, Gretchen Parlato eta Take 6 artisten izenak iragarriak zituzten antolatzaileek, beste hainbaten artean.
Sarreren salmenta bihar hastekoa dela ere zehaztu dute antolatzaileek. Horretarako, www.jazzvitoria.com helbidera jo beharko da. Sarreren prezioa 30 eta 50 euro bitartekoa izango da, eta abonuen prezioa 165 eta 115 euro bitartekoa —eserlekua erreserbatzeko aukera ematen dute azken horiek—.