Sute arriskua dela eta, «kontu handiz» ibiltzeko deia egin die Arabako Aldundiak herritarrei

Uzta biltzekoak diren nekazariei eta San Joan gauean sua piztuko dutenei egin diete, batez ere, ohartarazpena, abisu horian egongo baita lurraldea. Gasteizko Udalak, berriz, bero planaren alarma gorria aktibatu du, tenperatura altuak direla eta.

Sute bat Araban, artxiboko irudi batean. IMANOL GAGO
Sute bat Araban, artxiboko irudi batean. IMANOL GAGO
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 22a
11:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan bero dagoela ez da albiste. Arabako lurraldean ere nabaritu dira tenperatura altuak, eta horiekin batera dator sarri sute arriskua. Hain zuzen ere, datozen orduetan sute arriskuagatik abisu horia indarrean sartuko dela ikusita, Arabako Foru Aldundiak «kontu handiz» ibiltzeko eskatu die herritarrei, baso suterik pitz ez dadin. 

Ohartarazpena nekazariei egin diete, batez ere. Izan ere, zekaleen uzta garaia da, eta batzuetan uzta biltzeko makinek sortutako txinpartek suteak pitz ditzakete. Aldundiaren arabera, Euskalmeten abisu horia ez da gorri bihurtuko haize bolada indartsurik espero ez delako, baina, abisua maila apalagoan geratuagatik, «edozein zabarkeriak ondorio larriak izan ditzake». Hori dela eta, kontu handiz ibiltzeko eskatu die lurraldeko nekazariei. «Makinak berrikustea, material erregaia ez pilatzea, sua itzaltzeko oinarrizko bitartekoak izatea eta ahal dela tenperatura txikieneko orduetan lan egitea» gomendatu du aldundiak.

Sanjoanak eta alarma gorria

San Joan bezperako suei dagokienez, aldundiak oroitarazi du udalek dutela haien lurretan sua egin ala ez —edo nola egin— erabakitzeko eskumena. Hiriguneetatik kanpo, berriz, gogorarazi dute «debekatuta» dagoela «sua egitea eta sua erabiltzea, Mendi Zerbitzuak berariazko baimena eman ezean». Debeku hori «zorrotz» errespetatzeko eskatu du aldundiak, suterik sor ez dadin. 

Udalak ere hasi dira beroaldirako neurriak hartzen. Gasteizko Udalak, esaterako, bero planaren alarma gorria aktibatu du gaurko, eta alerta laranja biharko, gehienezko tenperaturak 39 eta 38 graduren bueltan egongo baitira, hurrenez hurren, gaur eta bihar. Behar bezala hidratatzea eta ahalegin fisiko eskergarik ez egitea gomendatzen du udalak. Horretaz gain, pertsona zaurgarrientzat babesleku klimatikoen sarea erabilgarri dagoela ere gogorarazi du udalak. Etxean beroari aurre egiteko neurririk ez dutenei bertan babes hartzea gomendatzen die udalak.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA