Sute bat piztu da Gasteizko Gardelegiko zabortegian, bigarrena aurten

Atzo arratsaldean piztu zen sua, hondakin organikoak metatzen diren gune batean. Garrak itzaltzea «zaila» da, Gasteizko Udalaren arabera, erretzen ari diren materialen ezaugarriengatik, baina sutea ez da «arriskutsua» herritarrentzat.

Gasteizko Gardelegi zabortegia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko irailaren 8a
10:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garrak piztu ziren atzo Gardelegiko zabortegian (Araba). Gasteizko udal zabortegia da hori, eta ez da han sua piztu den lehenengo aldia. Aurtengo ekainean ere, sute bat piztu zen han, eta lau langile ospitalera eraman behar izan zituzten. Oraingoa, Gasteizko Udalaren arabera, ez da «arriskutsua» herritarrentzat, eta perimetroa ezarri diote jada, baina «zaila» da garrak itzaltzea, erraz erretzen diren hondakin organikoak biltegiratzen ziren gune batean piztu baita sua.

Suhiltzaileek gau osoa eman dute «ura botatzen», baina sutea «oso iraunkorra» da, eta oraindik ez dute lortu itzaltzea. Udalak jakinarazi du posible dela hirian «erre usaina» nabaritzea tarteka, baina gaineratu du kea ez dela ez toxikoa eta ez arriskutsua, eta herritarrei «lasaitasuna» helarazi die. Suteak ohiko arazoa dira Gardelegin, eta sindikatuek hainbatetan salatu dute langileek ez dutela halakoei aurre egiteko nahikoa baliabiderik. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA