Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea

Iñaki Viñaspre Simon: «Taldean kantatutako final bat izan dela sentitzen dut, eta uste dut txapela taldeak merezi duela»

Ez zuen espero Viñasprek garaile izatea, ezta buruz burukora iristea ere. Pozik geratu da finalean bertsolari guztiek erakutsitako mailarekin, eta, gazteak indartsu datozela ikusten badu ere, ez du oraindik erretirorik buruan.

Iñaki Viñaspre, Arabako Bertsolari Txapelketako txapela eskuan, igandean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Viñaspre, Arabako Bertsolari Txapelketako txapela eskuan, igandean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Abetxuku
2026ko martxoaren 30a
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere jaioterri eta bizilekua sarri aldarrikatu du Iñaki Viñaspre Simonek (Abetxuku, Araba, 1984). Gaur egun Gasteizko auzoa bada ere, «Abetxukuko Errepublika Independente» horretako bizilaguntzat dauka bere burua. Bertan finkatu du, beraz, elkarrizketarako hitzordua. Abetxukuko auzo elkartearen lokalera sartzean, elkarrizketa egiteko eseri baino lehen, txikitako oroitzapenak etorri zaizkio burura: «Hemen taberna egoten zen, eta hortik sar zintezkeen». Taberna ohi horretantxe eserita, hain zuzen, erantzun die BERRIAren galderei, ohiko umiltasunez, bigarren txapela gorabehera. Izan ere, aitortu du azken unera arte ez zuela uste irabaziko zuenik. Bertsokide ororentzako berba amultsurik ere ez du falta izan.

Zer moduz daramazu txapelketaren biharamunekoa?

Ba, alde batetik, oso gustura. Bai finalaren aurretik, bai bitartean eta bai ostean ere, oso gustura egon nintzen bertsokideekin. Alde horretatik, oso gustura. Baina egia da gaur [igandea] elkarrizketa mordo bat izaten ari direla... Eta halako gauzetan ez gara hain arituak, eta ez ditugu hain gustuko izaten normalean.

Finalean oso gustura, baina nola izan zen finalera iristeko bidea?

Aurtengo txapelketa niretzat berezia izan da. Hasieratik oso argi neukan boleto asko nituela finaletik kanpo geratzeko, iruditzen zitzaidalako edo zaidalako gazteek oso maila ona dutela oraintxe. Finala ikusi zuen edonork, nik uste, hala esango luke. Gainera, aurreko faseetan, ba tira, ez nintzen guztiz gustura geratu, eta banekien bai Aroak [Arrizubieta], bai Maddik [Agirre], bai Peruk [Abarrategi], bai Unaik [Anda], bai Martinek [Abarrategi] fin ibiltzeko aukerak zituztela. 

Egia da Martinek final-laurden oso ona egin zuela, final erdia ez hainbeste, eta gero niretzat oso final polita egin duela. Maddi eta Peruren kasuan, biak sailkatu ziren puntuazio maximoarekin, beren saioak irabazita. Aroa denok genekien momentuko txapelduna zela, eta lehenengo fasean edo final-laurdenetan puntuazioz denon gainetik ibili zen. Eta Unaik behetik gorako txapelketa bat egin du, baina oso gora iritsi dena; bai finalerdietan, bai finalean egin duen lana niretzat oso aipagarria da.

«Gazte asko beteranoen gainetik ibili dira, oso maila onean; etorkizuna ziurtatua du Arabako bertsolaritzak»

 

Eta behin finalera iritsita, nola bizi izan zenituen aurreko orduak?

Prentsaurrekoaren egunean [asteazkenean] elkarrekin afaldu genuen, eta horrek ere laguntzen du giroa hobetzen eta gure artean gustura egoten. Finalaren aurretik Europa jauregira iritsi nintzenean, oso giro polita egon zen gure artean, bai oholtza azpian eta bai oholtza gainean. Gero, gauean ere, oso giro ederra egon zen gure artean, dena esan behar baldin bada [barrez]. Beraz, taldearekin oso gustura eta oso eskertuta nago.

Gazteak oso maila onean datozela aipatu duzu. Aurtengo txapelketak erakusten al du belaunaldi aldaketa Arabako bertsogintzan, beteranoenak irabaziagatik?

Ez dakit aldaketa; nik nahiago dut pentsatu belaunaldi gehikuntza bat izango dela. Baina bai, iruditzen zait 20-30 urteetara iristen ez diren horiek guztiek oso maila ederra erakutsi dutela txapelketan; jarraitu duenak ikusi ahal izan du beteranoagoek egindakotik ez direla oso urruti ibili. Are gehiago, gazteetako asko gainetik ibili dira. Etorkizuna bermatua dago, bai.

Hasierako agurrean aipatu zenuen geroz eta antz handiagoa duzula carajillo-arekin. Zer ematen du eta zer kentzen du beterano izateak?

Beterano izateak ematen dizuna da, nire ustez, errazago asmatzen duzula nola jokatu bizi izan duzun egoera baten aurrean. Eta uste dut beterano ez izateak nola jokatu ez jakitea ekartzen dizula; beti zerbait berria egingo duzu, eta ezberdin jokatuko. Gainera, jende berriak publikoari beti grazia berezia egiten dio, ez? Denoi gustatzen zaigu musikari berriak entzutea edo jende ezberdina entzutea. Zer ematen dizun? Ba, tablak esaten zaiona. Eta zer kentzen dizun? Ba, agian beste garai batzuetako gogo izugarri hori, ez? Beste modu batean kudeatzen duzu finala.

Zortziko nagusian hasi zineten. Finalerdiko agurrean aipatu zenuen «arantzatxoa» zenuela ariketa horretan behar bezain ongi ez aritzeagatik. Kendu al duzu?

Bai. Ni, oro har, finalean oso gustura sentitu nintzen. Zortziko handian ere bai. Egia da, ba bueno, bigarren bertsoan, beh... Lehenengoarekin eta hirugarrenarekin gusturago geratu nintzen, baina nik uste dut sentipen horiek barruan eramaten dituzun gauzak direla eta hor geratzen direla. Ni oso gustura aritu nintzen. Gainera, Perurekin hastea plazer handia izan da; pertsona maitagarria da Peru. Martxoak 3ren gaia tokatu zitzaigun, gainera. Nik uste dut horrek ere ardura bat ematen dizula, ez baita edozein gai Gasteizen Martxoaren 3a. Uste dut duintasunez eta ondo heldu geniola.

Hamarreko txikian, berriz, gai apur bat surrealistagoak izan ziren. Uste duzu gai izan zinetela ongi heltzeko eta behar besteko zukua ateratzeko?

Bai, nik uste dut hiru bikoteek heldu geniela gaiei oso modu onean. Nik, gaia entzundakoan, egia esan, pentsatu nuen, «buf, bi boli...», bi boligrafo izatea tokatu baitzitzaigun guri, eta hasperen txiki bat atera zitzaidan barrutik, baina gero egia da asmatu genuela nondik heldu eta bidea asmatzen. Eta Martini ere eskerrak eman nahi dizkiot, ze asko lagundu zidan ofizio horretan. Uste dut bion artean eraiki genuela ofizioa, eta hori izaten da atseginena publikoarentzat.

Puntu erantzunen ostean, seiko motzaren ordua. Lortu zenuten ikusleak dibertitzea. Nola sentitu zinen gai horretan?

Bai, ni gusturen igual seiko motzean geratu nintzen. Ez dakit gero, ez ditut ikusi puntuazioak eta ez dakit nola joan zen bestelakoetan, baina uste dut Aroarekin nahiko saio polita osatu genuela lagunaren artelan erakusketaren harira, eta oso gustura geratu nintzen. Lagundu genion elkarri, eta bion artean nahiko ofizio osoa osatu genuen, nire ustez.

Aroa Arrizubieta eta Iñaki Viñaspre, seiko motzean kantari, finalean. RAUL BOGAJO / FOKU
Aroa Arrizubieta eta Iñaki Viñaspre, seiko motzean kantari, finalean. RAUL BOGAJO / FOKU
Bakarkakoan sartuta, hainbatek egin zenituzten bertsoaldi oso onak; zure kasuan, bikotekideari giltzurruna eman behar dionaren rola hartuta. Gustura geratu zinen ariketarekin?

Ez bereziki gustura. Gaia entzun nuenean, irtenbidea zailagoa iruditu zitzaidan. Bueno, irtenbidea agian ez, baina bai nola saldu jendeari edo nola kantatu horren inguruan. Eta uste dut asmatu nuela bide horretan aurrera egiten eta, gainera, hurrengo ariketarako ere ondo etorri zitzaidala; beraz, pozik.

Buruz burukoaren aurretik, ikusten al zenuen zeure burua bertan?

Ba, egia esan, ez nuen neure burua ikusten buruz burukoan. Saio osoa entzuten egon nintzen. Uste dut oso modu lasaian eta saioa gozatzen egon nintzela, ez baita soilik gozatzen kantatzen duzunean; orduan gozatzen da gutxien agian [barreak]. Bertsokideak entzuten egon nintzen, eta iruditzen zitzaidan denek oso saio polita egin zutela. Martin agian momenturen batean pixka bat erori ote zen edo, baina uste dut inor ez zela guztiz erori. Denak nahiko saio osoa egiten ari zirela iruditzen zitzaidan, eta nire kinielan Unai bazegoen, eta gero Peru ere hor neukan, eta bestela Maddi ere oso indartsu ikusi nuen saio osoan.

Bien izenak entzundakoan, altxatu eta Unai Andari besarkada eman zenion. Zer dago keinu horren atzean?

Jo, nik Unairi maitasun handia diot. Noski, finalean zeudenetako asko eduki ditut ikasle, ez bada barnetegi edo udalekuetan, hezkuntza arautuan edo bertso eskolan. Niretzat, zentzu horretan ere, final berezia zen. Polita da zurekin 10-12 urterekin ibili den ume bat ikustea 25 edo 27 urterekin ja txapelketan kantuan, eta maila izugarriarekin, gainera. Eta Unai pertsona xumea, jatorra, gertukoa, maitagarria da, eta harekin kantatzea plazera izan zen. Gainera, esango nuke harekin eta Maddirekin bakarrik falta zitzaidala kantatzea [lehen fasearen ostean], eta finalean gutxienez bost kideetatik laurekin bikotea osatuz kantatzeko plazera eduki nuen.

Unai Anda eta Iñaki Viñaspre, buruz burukoan, lehen ariketa kantatu ostean. RAUL BOGAJO / FOKU
Unai Anda eta Iñaki Viñaspre, buruz burukoan, lehen ariketa kantatu ostean. RAUL BOGAJO / FOKU
Buruz burukoa hasita, abiadura bizian ekin zenioten Iparragirre abila dela doinuan kantatzeari. Hautu kontzientea izan zen zure aldetik, edo horrela suertatu zen?

Horrela atera zen. Ez dut uste Unairen partetik ere hautu kontzienterik egon zenik. Gai gustagarria tokatu zitzaigun, eta gozatu genuen horretan, eta agian ez ginen oso kontziente izan denboraz eta abarrez.

Badago jendea esan didana saioak momentu batzuetan ez zuela ematen txapelketako saio bat, eta hori ere polita da. Niretzat, hori da bota diezazuketen laudoriorik politena, ze horrek esan nahi du biak egon beharrean zurrun, tentsioz, mikroari begira, apur bat publikoari begira egon ginela, gaiari heltzen eta umorez, eta oso esperientzia atsegina izan zen.

Ganbarakora parekatuta iritsita, hori izan zen une erabakigarria. Gaia entzutean, kantatu zenuena etorri zitzaizun lehenik burura, edo aukeratzeko zailtasunak izan zenituen?

Bai, kantatu nuena izan zen burura etorri zitzaidan lehenengoa, baina hori nola azaldu, horri buelta gehiago eman nizkion. Hasieran pentsatu nuen zehaztea, baina ez zitzaidan iruditzen hobetzen zuenik; azkenean, gaia ere nahiko irekia zen. Zehazterik bazegoen, eta Unaik bide hori hartu zuen. Nahiko txukun egin zuen, nagusiaren inguruan hitz eginez, baina nik erabaki nuen gehiegi konkretatu gabe ideia berari heltzea: lagunekin zaudenean batzuetan batzuek hartzen dituzten rolez eta abarrez aritzea. Gero, bertsoz bertso joan nintzen: ez nituen eraiki hiru bertsoak hasi aurretik. Hala ere, uste dut bertsoei behar adinako jarraitutasuna eman niela.

Saioa bukatuta, irabazteko aukera zenuela iruditzen zitzaizun?

Nik pentsatzen nuen buruz burukora Unai gainetik pasatuko zela; behintzat Peru, Maddi eta Unai gainetik ikusten nituen. Egia da hori esatea batzuetan errazkeria dela, baina egia da norbera normalean bere akatsen oso jakitun izaten dela, eta besteen akatsak ikustea, agian, gehiago kostatzen zaigula. Zuk badakizu gauza bat esan nahi eta bestea atera zaizula, baina kanpora begira ondo dago, ez?

Orduan, pentsatzen nuen bera gainetik zegoela, eta bukatu zenean pentsatzen nuen Unai Anda izango zela txapelduna, argi eta garbi. Gero, nire izena esan zutenean, sorpresa hartu nuen, bai buruz burukora pasatzerakoan, bai txapela hartzerakoan. Kontziente naiz ez nintzela erori inongo momentutan, nahiko saio erregularra egin nuela, eta txapelketan horrek ere laguntzen duela. Momentu batzuetan uste dut denok asmatu genuela, eta hori jendeak asko eskertu zuen. 

Baina ohitura ere badaukat batzuetan neure buruari gutxiago eta besteei pixka bat gehiago emateko. Ez dakit; epaileek erabaki zuten, eta uste dut oso puntu gutxiren aldea egon zela orokorrean, kontuan edukita zenbat epaile zeuden mahaian.

Orduan, polita da irabaztea, ederra da benetan, baina garrantzia ere neurrian eman nahiko nioke. Oso polita da, txapela ere oso polita delako, Martxoaren 3ko kontua ere hor dagoelako tartean... gauza asko daude. Baina egia da taldean kantatutako final bat dela sentitzen dudala, eta uste dut txapela taldeak merezi duela. Nire kasuan, behintzat, oso ondo zaindu ninduten. Oso taldeko sentiarazi ninduten, ez hain carajillo nahi baduzue, ez? Eta hori izugarri eskertzen diet.

«Gure lana momentukoa da, baina ezin gara memoria txarrekoak izan»

Martxoak 3 elkartekoek jantzi zizuten txapela. Momentu sinbolikoa, ezta?

Prentsaurrekoan ere esan nuen: nahiz eta gure lana momentukoa izan, ezin gara izan memoria txarrekoak. Iruditzen zait hori izan dela [Bertsozale] elkarteak egin duen ariketa, aitortza bat eginez Martxoak 3 elkarteari, merezi duen aitortza bat. Bada garaia justizia eta erreparazioa hel daitezen. Gazteagoek ere aipatu zuten moduan, ados nago, borroka horrek oraindik hor jarraitzen du. Uste dut langileak zapalduak daudela oraindik ere, eta [Martxoaren 3ko] langile biltzarraren bidez gauzak aldatzeko indarra egin zuten horiek eredu izan behar dutela.

Arabako txapelketa amaituta, Euskal Herrikoa dago zerumugan. Zer aurreikuspen duzu?

Pentsatu dut horretan. Ez gehiegi. Egia esan, finalean bertan pentsatzeko asti askorik ere ez dut izan; hainbeste elkarrizketarekin, serio eta lasai hausnartzeko denbora askorik ez dut eduki. Baina egia da Euskal Herrikorako bereziki ilusioa egiten didala beste hirurekin prestatzeak. Iruditzen zait oso giro ona dagoela gure artean, nahiz eta bertso eskola ezberdinetan ibili, eta plazera izango da bidea. Gero zer gertatuko den Euskal Herrikoa iristen denean, ba, ikusiko dugu, eta, gerturatu ahala, ikusiko dugu nola gabiltzan. Ilusio handia da niretzat haiekin prestatzen hastea.

2004tik daramazu final bat huts egin gabe, eta, gasolina garesti den honetan, zenbat gehiagorako depositua du Viñasprek?

Ez dakit, egia esan; erantzuna da ez dakidala. Komentatu nuen beste bertsolariekin ere, ez dudala erabaki hurrengo txapelketan egongo naizen edo ez. Txapela daukadan heinean, egon beharko dut; nik beti esan dut txapela daukanak jokoan jarri behar duela. Orduan, pentsatzen dut hurrengoan behintzat baietz, baina txapelketa iristen denean erabakiz joango naiz.

Ez dut behar agur ikonikorik. Iruditzen zait urteren batean gogorik ez badaukat orduan amaituko dela nire txapelketako ibilbidea. Bi urte barru izan daiteke, lau urte barru izan daiteke, edo ez gertatzea ere izan daiteke. Hala ere, uste dut finaletik, ni lehenago erretiratzen ez banaiz behintzat, urte gutxi barru bada ere, kanpoan utziko nautela. Ikusteko dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA