ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Maddi Agirre, lehen finalista

Gaur jokatu dute bertsolariek Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Dulantzin, eta Maddi Agirre Epeldek lortu du finalerako zuzeneko lehen txartela, 380,5 puntu bilduta. Iñaki Viñaspre izan da bigarren, 364,5 puntu eskuratuta.

Maddi Agirre, Dulantziko lehen finalerdiko irabazlea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Agirre, Dulantziko lehen finalerdiko irabazlea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Dulantzi
2026ko martxoaren 7a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

sailkapena

  1. Maddi Agirre: 380,5 puntu

  2. Iñaki Viñaspre: 364,5 puntu

  3. Unai Anda: 362,5 puntu

  4. Aroa Arrizubieta: 348’5 puntu

     

  5. Asier Otamendi: 341 puntu

     

  6. Ekaitz Samaniego: 327 puntu

Ezaugarri berezia dute pelikula edo telesail batzuek: amaiera jakina edo aurreikusteko modukoa izanagatik, entretenigarriak dira oso, eta ikusleak gozatu egiten du horiek ikusten. Gaur Dulantzin (Araba) ikusi zen filma, ordea, oso bestelakoa izan da, gogoratzeko moduko plot twist horietako batekin amaitu baita. Izan ere, Aroa Arrizubieta Barredo txapelduna oholtzan izanda ere, Maddi Agirre Epelde izan da saioaren irabazlea, 380,5 puntu lortuta. Hasieratik erakutsi ditu grina eta asmoa, bertsokideei fite bota baitie abisua hasierako agurrean: «Atzeko denak gerrara datoz,/ baino kontuz, ni ere bai!/ Aukera txiki bat ikusi dut/ ta ez diot joaten utzi nahi». Horra betetako promesa, ez baitio aukerari joaten utzi, eta zuzenean sailkatu baita finalerako gasteiztarra. Amaieran, berriz, duela gutxi Karmele pelikulan entzundako doinua erabilita, «dena ondo badoa, tragoa nire kontu/ eta gaizki badoa, zeuen kabuz lortu», esan die txantxa moldean gainerakoei. Promesa hori beteko duen ezin jakin, baina, hitzekoa bada, tragoak bere kontu beharko du. 

Pelikulako gainerako protagonistei ekinda, berriz, bigarren etorri da Iñaki Viñaspre Simon, 364,5 puntu bilduta. Atzetik izan ditu Unai Anda Delika, 362,5 punturekin, eta Aroa Arrizubieta Barredo, 348,5 punturekin. Azken-aurreko suertatu da Asier Otamendi Alkorta beteranoa, 341 puntu lortuta, eta azken postuan geratu da Ekaitz Samaniego Curiel, nahiz eta ganbarakoan haren bakarkako bertsoek jaso dituzten txalo gehien.  

Dulantziko Mikaela Portilla kultur etxeko agertokiak indarra ematen dio pelikularen paraleloari: zinema gela iluna dirudi aretoak, horma-sabai beltz eta argi ahulekin. Txapelketaren kartel zuri handiak osaturiko pantailan agertu dira hor bertsolariak publikoaren aurrean. Bost ariketatan banaturiko hamalau ofizio dituzte aurretik, eta zortziko handian hasi dira. Ederki aritu dira, gaiak emozioak azalera ekartzeko moduan landuz, neurri pausatuago horrek ohi duenez. Viñaspre eta Arrizubieta nabarmendu dira, kantatzen lehenak, hain zuzen. Gurasoak beti borrokan ikusten dituzten neba-arreben papera hartu dute. Viñasprek, egoerak hobera egin ezin duelako ustean, banatzea gomendatu nahi die, baina Arrizubieta ez dago ados. Ohiko dematik harago joan, eta eskua luzatu dio Arrizubietak Viñaspreri azken bertsoan, bi anai-arreben arteko maitasuna islatu duen bertsoan: «Antza haiek zuten maitasuna / ja denborak eraman du,/ baina mesedez ez zaitez inoiz/ nire albotik banandu». 

Zortziko txikira igarota, publikoaren barreak piztea lortu dute bertsolariek erritmo zirtolariagoan. Algara franko eragin dute, batez ere, Viñaspre eta Andaren arteko demak. Irakasle bihurtu da Anda, eta Viñaspre, haren ikasle ohia. Urologoarena joan denean, hara non aurkitu duen Andak Viñaspre ikasle ohia, mendekati eta jolaserako gogoz, publikoaren gozagarri. «Zenbat zimur dituen, / ai, maisu laztanak/ horrenbesteko lanak/ eman zizkidanak/ gaur ikusiko dugu/ ahazt’ itzazu dramak/ egin ote dituzun/ etxerako lanak»,  kantatu du Viñasprek, eta barrez lehertu da aretoa. «Tubitoa» sartzeko mehatxu eta guzti, ondo dibertitu du Viñasprek publikoa bere bihurrikeriekin, eta Andak jakin du gaiztakeriaren neurria ematen. 

Samaniego eta Agirre ere fin aritu dira isiltasun erretiroa dela eta, eztabaidan ari diren bikotea lez, eta Agirrek publikoaren «aupa, hi» bat edo beste ere jaso du. Kuraia eman bide diote, indarrarekin atera baita hamarreko txikira, eta publikoaren txaloak jaso ditu haren etxe aurrean eraiki behar duten makroerresidentzia pribatuari kantari: «Eta dugu kontu bat/ Aroa, iluna,/ diru gosea da hain/ gauza ezaguna. Beraz, abian jarri/ dezagun jarduna./ Behintzat bada gauza bat/ guk argi duguna/ antolakuntza dela/ beti erantzuna».

Ganbarako feminista

Martxoaren 8ko egun sinbolikoaren bezperan suertatu da finalaurrekoa, eta ganbarako lanetan nabari izan da, berdintasunaren eta feminismoaren inguruko gaiak landu behar izan baitituzte bertsolariek. Bakarkako bi bertsoetarako gaia da horren adibide: «Ez matxista, ez feminista» direla esan dien lagun bati arrapostua eman behar izan diote bertsolariek. 

Aurreko puntu-erantzunetan nahiko erkide aritu badira ere (horren erakusgarri, guztiek erantzun diote «etorkizuna» azken puntuan duen bertsoekin «zaintza lanetan dago/ desberdintasuna» puntuari), gai librean jakin du bakoitzak bere aldetik jorratzen. Samaniegok jaso du txalo gehien, hamaseiko handian lagunaren iruzkin matxistak nola mindu duen kontatu ostean. 

Azkenerako, ordea, Agirre izan da garaile, eta zuzenean sartu da hilaren 28ko finalean. Gainerako finalisten izenak hurrengo larunbatean erabakiko dira, Aramaion, bigarren finalaurrekoan. Puntuazioak ikusita, gogorra izango da sailkatzeko lehia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA