Trebiñun galdeketa egitea «juridikoki posible» da, Espainiako Gobernuaren ustez

EAJko Mikel Legardak Espainiako Senatuan egindako galderari erantzunez onartu du aukera Angel Victor Torres ministroak. Alta, galdeketa hori egiteko, «legeak eskatzen dituen pauso guztiak» eman behar dira.

Trebiñuko herria, izen bereko eskualdean. BERRIA
Trebiñuko udalerria. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 20a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trebiñuko auzia Espainiako Senatura iritsi da berriz ere. Oraingo honetan, Espainiako gobernuek adierazi ohi izan duten arbuio irmoaren ordez, abegi itxuraz lagunkoia egin dio Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak Mikel Legardak (EAJ) kontuaren inguruan egindako galderari. Trebiñun Arabarekin bat egiteari buruzko galdeketa egitea onartuko ote duen galdetu dio Legardak ministroari, eta Torresek galdeketa egitea «juridikoki posible» dela onartu du. Hori egiteko, ordea, «legeak eskatzen dituen pauso guztiak» eman behar dira, ministroaren iritziz.

Kontua da pauso horiek inoiz betetzea zalantzazkoa dela, indarreko legediak Burgosko Diputazioaren eta Gaztela eta Leongo Juntaren aldeko txostenak eskatzen baititu galdeketa hori egin ahal izateko. Bi erakunde horiek beti agertu dira Trebiñun galdeketa egitearen kontra, eta eskualdea Araban integratzearen aurka daude. Legarda ez da pozik geratu ministroaren erantzun «nahasia» entzunda, eta auzia ahal bezain lasterren trebiñarren esku uzteko eskatu dio ministroari. Torresen erantzuna: «Arrazoi logikorik» ez zaio falta EAJko senatariaren ikuspegiari, baina «derrigorrezkoak eta guztiz beharrezkoak» diren pauso guztiak bete behar dira aurretik. Ministroaren adierazpenak gorabehera, beraz, barrendegiaren egoerak bere horretan jarraituko du, Burgosko eta Gaztela eta Leongo erakundeen jarrera aldatu ezean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA