Trebiñuren eta Arabaren arteko «lotura indartuko du» 2027ko Araba Euskaraz-ek

Argantzon ikastolak 'Lotuz lortu!' lelopean egingo du Arabako ikastolen festa, ekainaren 13an. Egitaraua, hala ere, urte osokoa izango da, euskararekiko «konpromisoa» hedatzeko asmoz.

2027ko Araba Euskaraz-en aurkezpena, Argantzongo zubiaren aurrean (Araba). ENDIKA PORTILLO / FOKU
2027ko Araba Euskaraz-en aurkezpena, Argantzongo zubiaren aurrean (Araba). ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aratz Aranburu
2026ko urriaren 22a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argantzonen (Araba) egingo dute 2027ko Araba Euskaraz, ekainaren 13an, hain zuzen ere. Lotuz lortu! lelopean aurkeztu dute ikastolen, herritarren eta lurraldeko eragileen artean «elkarlana» sustatuko duen urte osoko egitasmoa. Argantzon ikastolak antolatzen duen bosgarren Araba Euskaraz izango da datorren urtekoa, eta Arabako beste zazpi ikastolen laguntzarekin batera arituko dira. Arabaren eta Trebiñuren arteko lotura «sendotu» nahi dute, euskararen, hezkuntzaren eta herritarren harremanaren bitartez.

Gaur goizean herrian egin duten aurkezpenean, bertako ikastolako umeek aurtengo edizioa irudikatuko duen logotipoa erakutsi dute estreinakoz: Argantzongo Erdi Aroko zubi historikoa irudikatzen du. «Muga geografiko eta administratiboen gainetik, euskara bera bezala, pertsonak, ikastolak eta herriak elkartzen dituen zubigintza islatzen du logoak», adierazi dute antolatzaileek. 

Lotuz lortu! leloak elkarlanaren eta komunitatearen «indarra» jartzen ditu erdigunean. Unai Mendizabal, Araba Euskaraz elkarteko lehendakariak, adierazi du Argantzongo ikastolaz gain herrialdeko beste zazpi ikastola ere aritu direla egitasmoa antolatzen, denen artean «euskararen alde» lan egiteko eta etorkizuna «elkarrekin» eraikitzeko.

Trebiñu eta Araba

Gaurko aurkezpenean Mendizabalek gogora ekarri du Trebiñuko eta Argantzongo udaletan Trebiñuko konderria administratiboki Arabari lotzeko prozesua garrantzi handikoa dela, aurreko astean herri galdeketa aurrera ateratzearen aldeko mozioa onartu baitzuten.  

«Trebiñun euskaraz ikasteko, jolasteko eta harremanak egiteko aukera eskaintzen dugu», nabarmendu du Igone Zubizarreta Argantzon ikastolako zuzendariak. Ikastola 2003an zabaldu zuten 11 familiak, eta gaur egun 50 ikasle ditu. Zuzendariaren esanetan, urte hau «mugarria» izango da Trebiñuko familiek euskarazko hezkuntza proiektu «sendo bat» izaten jarrai dezaten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA