Trebiñuko udalerriek Arabarekin bat egiteko herri galdeketa eskatuko dute

Trebiñuren integraziorako mahaiak Arabarekin bat egiteko herri galdeketak antolatzeko eskatzen duen mozioa bozkatzea proposatu zien ostiralean Trebiñuko eta Argantzongo udalei. Ostegunean eztabaidatuko dituzte mozioak bi udalek.

Trebiñurako bidea adierazten duen seinalea, erdal 'v'-aren gainean euskal 'b'-a pintatua duela. RAUL BOGAJO / FOKU
Trebiñurako bidea adierazten duen seinalea, erdal 'v'-aren gainean euskal 'b'-a pintatua duela. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko irailaren 29a
10:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Beste aurrerapauso bat auziaren ebazpen administratiboan». Horrela aurkeztu du Trebiñuren integraziorako mahaiak Konderriko udalei proposatu dien mozioa. Mozioen helburua da Espainiako Ministroen Kontseiluari herri kontsulta bat egiteko eskatzea. Mahaiak ostiralean proposatu zien Trebiñuko eta Argantzongo udalei mozio horiek bozkatzea, eta ostegunean bozkatuko dituzte, ezohiko batzarrean.

Eskaerak aurrera egiteko, bi udalbatzek onartu behar dute mahaiak proposaturiko mozioa. Hala ere, sorpresa handirik ezean, bi udaletan aurrera aterako da proposamena, mahaia osatzen duten integrazioaren aldeko taldeek gehiengoa baitute bietan. Trebiñuko Udala osatzen duten bederatzi zinegotzietatik zazpi dira integrazioaren aldekoak; Argantzonen, berriz, EAJk eta EH Bilduk osatzen dute udalbatza osoa.

Bi alderdi horiek Trebiñuren integrazioaren aldeko mahaian daude, Trebiñuko Udalean ordezkaritza duten Treviño Dia a Dia eta Agrupacion Independiente de Treviño talde independenteekin batera. Eskualdeko udaletan ordezkaritza duten alderdietatik, PP da integrazioaren aurkakoa den eta, ondorioz, mahaiarekin bat egin ez duen bakarra. Bi zinegotzi ditu Alderdi Popularrak Trebiñuko udalerrian. 

Galdeketa eskatzeko galdeketa

Kontuan hartu behar da udalek eskatu asmo duten galdeketa ez litzatekeela izango Arabarekin bat egiteari buruzko kontsulta. Izan ere, mahaiak 1998ko galdeketa bezalako herri kontsulta bat eskatu du. Orduko hartan, Trebiñuko herritarrei galde egin zitzaien ea ontzat jotzen ote zuten Trebiñu Araban integratzeari buruzko galdeketa egitea. Galdeketa eskatzeko galdeketa izango da, beraz, udalek eskatuko dutena.

Metagaldeketa horren arrazoia agerikoa da: Espainiako Ministroen Kontseiluak ezin die udalei Araban integratzeari buruzko galdeketa egiteko baimena eman. Izan ere, hori lortzeko, Burgosko Diputazioaren eta Gaztela eta Leongo Juntaren oniritzia beharko litzateke. Burgosko probintzian dago integratuta egun Trebiñu, eta bi erakunde horiek hainbatetan utzi dute argi ez dutela baimenik emango halako galdeketarik egiteko. Mahaiak, hortaz, galdeketa hori egiteko eskatzen duen galdeketa baino ezin dezake antolatu, presio egiteko tresna gisa. 1998ko galdeketan, auzotarren %77 joan ziren botoa ematera, eta %68k Araban integratzearen aldeko botoa eman zuten. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA