«Adinekoen zaintza eredua aldatu behar da». Irmo mintzatu dira Zaintza Araba elkartekoak: salatu dute egungo sistema «zaharkitua» dagoela eta ez diela beharrei erantzuten. Taldearen arabera, indarrean dagoen ereduak ez du bermatzen adinekoen «ongizatea, duintasuna eta autonomia». Hala, adierazi dute sakoneko eraldaketa baten «premia larria» dagoela lurralde osoan.
Zergatik diote sistemak okerrera egin duela? Batetik, etxez etxeko laguntza zerbitzuak ez dituelako «adinekoen benetako beharrak» asetzen; eta, bestetik, egoitza pribatuetako langileek lan baldintza prekarioak dituztelako, eta horrek zuzenean eragiten duelako zaintzaren kalitatean. Horregatik, sektore pribatuetako langileen baldintzak administrazio publikoetako langileenekin parekatzeko eskatu dute, eta esan soldata baxuak, kontratu «hiperprekarioak» eta lantalde eskasak «desagertu» behar direla, zerbitzuaren kalitatea «behingoz» bermatzeko.
Salatu dute, halaber, adineko askok egoitza pribatuetara jo behar izaten dutela ez dutelako tokirik publikoetan. Gogoratu dute azken hiru urteetan Arabako Foru Aldundiak ez duela zerbitzuari lotutako diru sail publikoa handitu, eta balorazio lantaldea indartu beharrean «enpresa pribatuen esku» uzten duela. Iraileko datu ofizialen arabera, 1.450 pertsona hil ziren laguntza beharra baloratzeko zain zeudela.
Inbertsioa
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 407 milioi euro jasoko dituzte mendekotasunaren arloa finantzatzeko, eta Zaintza Arabak lurraldeko aldundiari exijitu dio esleituko zaion kopurua zerbitzuaren kalitatea hobetzeko erabili dezala. «Inbertsio osoa zaintzaileen lan baldintzetan eta pazienteei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean oinarritu behar da», esan dute. Besteak beste, zera eskatu dute: toki publikoak gardentasunez eslei ditzatela, egoitzetako tokien okupazioaren inguruko informazio argia eman dezatela, eta zigorrak jartzen direnean egoitzen izenak jakinaraz ditzatela, herritarrek «informazio osoa» izan dezaten.
«Ezinbestekoa da EAE osatzen duten hiru lurraldeetan zaintza modu bateratuan arautzea», gaineratu du Zaintza Arabak. Hala, erabiltzaileen eskubideak hobetzeko «sistema komun bat» sortzearen alde egin du. Gizarte eragile eta sindikatu ugarik babestu dute aldarrikapena, hala nola Pentsiodunen Mugimenduak, Gasteizko Mugimendu Feministak, Denon Bizitzak Erdigunean taldeak eta Steilas, LAB eta ESK sindikatuek.