«Segurtasuna gure gizartearen erronka handienetakoa da, eta dagoeneko gure kezka nagusi bihurtu da», esan du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, gaur, hiriaren egoerari buruz egin duten ezohiko osoko bilkuran. Haren ustez, Bilbo hiri «segurua» da, baina iruditzen zaio segurtasun falta arazo bihurtu dela. «Ez gara geldituko: delitugileak harrapatuko ditugu, identifikatu, atxilotu, eta justiziaren aurrera eroango ditugu», ohartarazi du. Nabarmendu du epaileen lankidetza ezinbestekoa dela «inpunitaterik» egon ez dadin. Udaltzaingoaren aldeko aldarria ere egin du, eta «autoritatea» direla gogorarazi. «Errespetua» eskatu du udaltzainentzako: «Ez dugu onartuko poliziarik zauritzea, lesionatzea edota iraintzea, dagokien lana egiten dute-eta».
Alderdiek ere segurtasuna aipatu dute beren berbaldietan. PPk izan ezik, gainontzekoek segurtasun itun bat adostu zuten. EH Bilduko bozeramaile Maria del Riok esan dio Aburtori itun horretatik «harago» joan beharra dagoela: «Jarduteko eta pertsonen arretarako protokoloak aldatu egin behar ditugu. Etxegabetasun plana garaiz eta behar bezala hedatu behar dugu. Delituak prebenitzeko ingurumen diseinuaren arabera planteatu behar dugu hiria, eta hiriko ahulenen beharrei erantzun behar diegu». Segurtasunaz berba egitean emakumezkoak ahaztu egiten direla salatu du Elkarrekin Podemoseko Ana Viñalsek, eta haiengan ipini gura izan du arreta: «Indarkeria matxistaren datuak hazten ari dira etengabe. Noiz igoko da esponentzialki udalaren aurrekontua indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan eta borrokan? Noiz izango da borroka feminista lehentasun bat zure gobernuaren jardunean?».
«Ez dugu onartuko poliziarik zauritzea, lesionatzea edota iraintzea, dagokien lana egiten dute-eta»
JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea
Berbaldian, PPko Esther Martinezek eman dio garrantzi handiena segurtasunaren auziari. Delitu guztien bilakaerari bere osotasunean erreparatzea leporatu dio alkateari, eta ohartarazi du delitu guztiak ez direla alderagarriak. «Bilbon deliturik larrienak hazten ari dira». Martinezen esanetan, sexu askatasunaren aurkakoak %28,1 igo dira. «Aurten, lehen seihilekoan berrogei emakume bortxatu dituzte gure hirian». Aburtori esan dio segurtasun falta ez dela konpontzen «gaizkileei sermoia eginda».
Beste erronka batzuk ere aipatu ditu alkateak. Etxebizitza, esaterako. Aburtok Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak esandakoak gogoratu ditu: «Euskadin ez dago etxebizitza arloan Bilbokoak beste kolaboratzen duen udalik». Irailaren 4an agertu ziren elkarrekin Aburto eta Itxaso, Bilbo tentsio handiko eremu izango zela iragartzeko. Oposizioko alderdiek etxebizitza plan bat eskatu diote udalari. «Orain arte egindakoa egiten jarraitzeak ez du arazoa konponduko», ohartarazi dio Viñalsek.
Interneteko Idealista plataformara sartzeko eskatu dio Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Aburtori, eta begiratzeko zenbatean dagoen 50 metro koadro baino gutxiago dituen etxe bateko logela baten alokairua. «Nik neuk esango dizut: bederatziehun eta mila euro artean. 1.180 euroko gutxieneko soldata kobratzen duen pertsona bat bizi al daiteke duin Bilbon? Ezinezkoa da. Zelan ez dira gure gazteak Bilbotik joango? Merkatuak kanporatzen ditu».
«Delitua prebenitzeko ingurumen diseinuaren arabera planteatu behar dugu hiria, eta hiriko ahulenen beharrei erantzun behar diegu»
MARIA DEL RIO EH Bilduko bozeramailea
Del Riok lau neurri zehatz hartzeko eskatu dio alkateari: alokairurako etxebizitza publikoaren eskaintza biderkatzea, alokairuaren prezioari muga jartzea, etxebizitza turistikoen kontrola eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea. Aburtok erantzun dio hori guztia egiten ari direla dagoeneko. Asier Abaunza zinegotzi jeltzaleak Bilbon etxebizitzak eraiki ahal izateko bere alderdiak egiten duen «esfortzua» nabarmendu du: «Etxebizitza pribatuak, babes ofizialekoak, tasatutakoak eta alokairurakoak bultzatzen ari gara, formatu guztietan eta guztien beharrei erantzuteko». Aburtok iragarri du alderdi guztiei dei egingo diela etxebizitzaz eztabaidatzeko.
Turista onak eta txarrak
Turismoaren irudi ezkorra ematen aritzea egotzi dio alkateak oposizioari. Ironia erabili du Aburtok, eta titular bat asmatu du Bilbotik atzerrira lepo beteta doan hegazkin batentzat: «Turismoaren aurkako mobilizazioak bi hilabetez etengo dira, manifestariak oporretara doazelako». Onartu du turismoak kalteak eragin ditzakeela, baina haren onurak ere aitortzeko eskatu du. «Bilbora datorrena turista txarra da, baina kanpora doazen bilbotarrak turista onak dira? Zuetako inork ez du hartzen kutsatzen duen hegazkinik?». Esan die Bilbon turismoa ez dela masifikatua, «kontrolatutakoa eta kalitatezkoa» baizik, eta horrek enplegua sortzen duela.
Viñalsek turismoan eta ostalaritzan oinarritutako ekonomia sustatzen aritzea leporatu dio udal gobernuari. Aburtok eta Abaunzak ukatu egin dute hori. Alkateak honako datu hauek eman ditu: turismoak Bilboko BPGaren %8a sortzen du, eta industriarako zerbitzu aurreratuek, %24a. Abaunzaren esanetan, Zorrotzaurreko proiektua da udalak zerbitzu aurreratuen alde egiten duen apustuaren adibide garbiena.
«Orain arte egindakoa egiten jarraitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konponduko»
ANA VIÑALS Elkarrekin Podemoseko bozeramailea
Hain zuzen, gehienek izan dute ahotan uhartea, oposizioko alderdiei iruditzen baitzaie proiektua «etenda» dagoela edo «motel» doala. Abaunzak eta Aburtok, ostera, erritmo onean doala esan dute, eta gogoratu dute duela hamar urte Aburto alkatetzara ailegatu zenean oraindik penintsula zela. Egungo egoera zein den azaldu die Abaunzak, eta esan die dagoeneko martxan dutela oposizioko alderdiek gaur eskatu dieten guztia. «Ez zarete errealitatea onartzeko gai», leporatu die. Aburtoren ustez, azken urteetan EAJk eta PSE-EEk bultzatu duten proiektu nagusiena da Zorrotzaurrekoa.
gaza eta Espainiako vuelta
PPk izan ezik, gainontzeko bozeramaile guztiek elkartasuna adierazi diete Gazako herritarrei Bilboren egoerari buruzko ezohiko osoko bilkuran. Juan Mari Aburto alkateak indarkeria bidegabeki sufritzen dutenak izan ditu gogoan, eta Palestina, Ukraina, Venezuela eta Afganistan aipatu ditu. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Ana Viñalsek alkateari txarretsi egin dizkio Espainiako Vuelta Bilbotik igaro zenean izandako protesten harira esandakoak. Viñalsen ustez, Aburtok «Bilboren interesak gizatasunaren gainetik» ipini zituen. Oker interpretatu zuela erantzun dio Aburtok. «Esan nuen protesta egin zutenek nire aitortza zutela. Zuek, ostera, ez zenituzten salatu indarkeria erabili zutenak». Indarkeria «beti» gaitzetsi behar dela ohartarazi du alkateak, «baita Ukrainan gertatzen denean ere». «Ezin dugu esan zein gatazka den garrantzitsuagoa; Ukrainan Gazan baino biktima gehiago daude», gaineratu du.
Uharteari lotuta, Elkarrekin Podemosek ohar egin dio udalari; izan ere, inguru horretan uholde arrisku handia dagoela ohartarazi zuen Uraren Agentziak bere azken txostenean. Abaunzak erantzun dio Bilboko Udalak uholdeak saihesteko hartu dituen neurriak «balioetsi» egin dituztela txosten horretan. Klima larrialdiari eta haren ondorioei aurre egiteko politikak eskatu dizkio oposizioak udal gobernuari. Aburtok hiria «berdatzeko» abiarazi diren proiektuak gogoratu ditu.
«Harro sentitzen naiz bilbotarrak luzeago eta hobeto bizitzeko egiten ari garen lanagatik»
NORA ABETE Bilboko alkateorde eta zinegotzi sozialista
Alde horretatik, Nora Abete alkateorde eta zinegotzi sozialistak esan du udalak «oso serio» hartzen duela larrialdia. Erakundeen arteko koordinaziorako deia egin du, eta azpimarratu du horretarako oso garrantzitsua dela Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako estatu ituna. Bestalde, iraunkortasunaren alde hartutako neurriak gogoratu ditu alkateorde sozialistak. Mugikortasun politiken ardura du, eta politika horietan egindakoa nabarmendu du, emisio gutxiko eremuaren eraginkortasuna, bereziki. «Harro sentitzen naiz bilbotarrak luzeago eta hobeto bizitzeko egiten ari garen lanagatik», esan du Abetek.
Harrotasunez egin du Aburtok ere alkate daramatzan hamar urteen balantzea. Bilbo eraldatuz joan dela nabarmendu du, garai berrietara egokituz. «Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko hiri atsegina izatea nahi dugu». Hanka sartzeengatik barkamena eskatu du, eta udalean ordezkaritza duten alderdiei eskerrak eman dizkie gaurko bilkuran izandako jarreragatik. «Bakoitzak gure ikuspuntua defendatu dugu, baina erakutsi dugu eztabaida zintzoaz politika egin daitekeela, inor iraindu barik, akordioak bilatuz. Erreferenteak izan gara».