Abuztuko lehen astean zabalduko dute Deustu eta Txorierri arteko tunela

Salbe eta Txorierri arteko tunela berritzeko lanak uda ondoren hasiko dituzte, eta 7-8 hilabete iraungo dute.

Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatua eta Olatz Atxa Interbiak sozietateko zuzendaria, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatua eta Olatz Atxa Interbiak sozietateko zuzendaria, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko maiatzaren 19a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beharginak gau eta egun ari dira lanean Deustu eta Txorierri lotzen dituen Artxandako tunela berritzen. Oraingoz, ez dute aparteko oztoporik topatu. Beraz, ondo bidean, abuztuko lehen astean zabalduko dute berriro ere. Ondoren, udazkenean hasiko dira Salbeko zubia eta Txorierri lotzen dituen tunela berritzen. Luzeena eta zabalena denez, tunel hori berritzeko denbora gehiago beharko dute Artxandakoa berritzeko baino: zazpi eta zortzi hilabete artean. Hirugarren tunela, Salbe eta Deustu artekoa, dagoeneko berrituta dago. Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatu Carlos Alzagak esan du ulertzen duela tuneletako bat zarratuta egoteak gidariei sortzen dien endredoa, baina azpimarratu du azpiegitura hori «funtsezkoa» dela metropoliko trafikoan, eta ezinbestekoa dela lanak egitea erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Lanak ikusten ibili da gaur goizean, Interbiak foru sozietateko zuzendari Olatz Atxarekin.

Datorren urtean 25 urte beteko dituzte Artxandako tunelek. «Erabileraren ondorioz, zahartu egin dira. Gaur egun, material hobeak daude, teknologia aurreratuagoa eta makina berriak. Beste 25 urtez segurtasun osoz martxan jarraitzeko, beharrezkoa da zaharberritzea», nabarmendu du diputatuak. Lehenengo eta behin, hustu egin dute tunela, eta 2022an ipinitako materiala kendu: seinaleak, sabaiko pasabidea, argiak, kamerak, semaforoak, detektagailuak... Ondoren, hormak saneatu dituzte. «Tunelak leku agresiboak dira, eta hormigoia hondatu egiten da, gainetik ura filtratzen delako eta uretan dauden elementu kimikoek jan egiten dutelako. Apurka-apurka gertatzen da prozesu hori, eta arazoak sortzen hasi aurretik aldatzea da egokiena». Marruskaduraren teknika erabilita, hondatutakoa kendu ahal izan dute egituraren gainerako elementuei kalte egin gabe.

artxandako tunelak

  • Salbe-Txorierri (1.200 metro). 13.572 ibilgailu arin eta 420 astun eguneko. 
  • Deustu-Txorierri (1.146 metro). 4.867 ibilgailu arin eta 151 astun eguneko.
  • Deustu-Salbe (737 metro). 8.182 ibilgailu arin eta 253 astun eguneko.

Behin hori lortuta, tunela berriz egin behar da. Eta horretan ari dira orain. Buloiak ipini dituzte han-hemenka, arazo geotermikoak izateko arriskua dagoen lekuetan lurrari hobeto eusteko. Toki batzuetan hormako sarea ere ipinita dago, morteroz estali eta inpermeabilizazio lanak egin ahal izateko. Horretan ibili dira behargin batzuk goizean. Beste batzuk turkesa koloreko margo berezi batez pintatzen aritu dira. Behin hori bukatzean, hasieran kendutako material guztiak ipiniko dituzte berriro, baina berriak, aurreratuagoak, «Europak ezarritako azken baldintzak betetzen dituztenak». Argiteriaren kasuan, esaterako, LED motakoak izango da aurrerantzean, eta ezbeharrak antzematen dituen sistemari adimen artifiziala gehituko diote.

Salbeko eta Deustuko tunelen artean, biak lotzen dituzten larrialdietarako hiru pasabide daude. Horietako bi berritzen ere badabiltza. Hirugarrena, erdikoa, Salbeko zubiarekin batera egingo dute. Alzagak azpimarratu du suhiltzaileen kamioirik handienak kabitzeko bestekoak direla. «Trena ere pasatuko litzateke hemendik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA