Bizkaiko Foru Aldundiak guztira 406 adingaberentzako lekua du bere zentroetan, baina 594ren kargu da orain. Leixuri Arrizabalaga bozeramaileak esan duenez, zerbitzua «tentsiopean» dago, eta, beraz, diputazioak salbuespen egoera izendatzea erabaki du gaur goizeko gobernu kontseiluan. «Ez da tarte bateko kontua; denboran jarraitua den egoera bat da, eta gure sarearen arreta gaitasunari eragiten dio».
Kazetarien galdera bati erantzunez, onartu du «logikari» jarraituz «pentsatzekoa» dela beste baliabideren bat zabaldu beharko dutela, baina ez du baieztatu gura izan, ez du-eta «oraindik hartu ez den erabakirik aurreratu» gura. «Salbuespen egoerak ez du berez ezartzen zer baliabide jarri behar diren martxan. Egoera aztertu eta erabakiak hartzeko modua ematen du. Orain, teknikariek ikusiko dute zer baliabide zabaldu, martxan jarri edo moldatu beharko diren». Baliabide berriak ipintzeko aukera ez ezik, lantaldea handitzekoa ere izango du foru aldundiak.
Ez da diputazioak halako erabaki bat hartzen duen lehen aldia. 2024ko azaroaren 28an ere egin zuen. Besteak beste, Vivero egoitza zabaldu zuen diputazioak. Urtebeterako ezarri zuten salbuespen egoera, eta orain ere hala egin du, horixe baita araudiak baimentzen duena. Gainera, Arrizabalagak esan du orain ere indarraldia luzatzeko aukera izango dutela urtebeteren buruan, betiere beharrezkoa baldin bada. Hartutako neurriei esker, tentsioa apalduz joan zen, diputazioaren arabera. Baina joan den ekainean, salbuespen egoera indargabetu eta berehala, ohartu ziren adingabeak etengabe iristen zirela. Udako hilabeteetan ugaritu egin dira, gainera. Ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, 224 lagun sartu dira zentroetan lehen aldiz.
Ceutako adingabeen zain
Kazetariek galdetuta, diputazioaren bozeramaileak ez du zehaztu azken asteetan iritsitako adingabeen artean Ceutatik (Espainia) ailegatutakorik dagoen. Hala ere, azpimarratu du hala balitz ere ezingo luketela kontatu. Esan du oraindik erabaki barik dagoela Bizkaiak zenbat adingabe hartu beharko dituen krisi horren harira. «Dagokien erakundeak ari dira azterketa hori egiten, eta gu zain gaude».
Arrizabalagaren esanetan, Bizkaia «dagokiona baino gehiago» egiten ari da. «Kudeatzen ari gara, eta ez inprobisatzen. Eta hori da, hain zuzen, beste erakundeei eskatzen dieguna. Adingabe hauek babesteak erantzukidetasuna eskatzen du». Erakundeok zeintzuk diren izendatu barik, baliabideak eta egiturazko konponbideak exijitu dizkie.