Nafarroak Ceutara iritsitako bost adingabe hartuko ditu aurki

Carmen Maeztu kontseilariak ukatu egin du du harrera sarea gainezka dagoela, 237 lekuetatik 207 baino ez baitaude beteta. PPk eta Voxek, berriz, salatu dute harrera zentroak beterik daudela.

Migratzaile adingabe batzuk Ceutako kaleetan. REDUAN DRIS / EFE
Migratzaile adingabe batzuk Ceutako kaleetan abuztu hasieran. REDUAN DRIS / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 10a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak gaur jakinarazi duenez, Marokotik Ceutara (Espainia) iritsitako bost neska adingabe hartuko ditu aurki Nafarroak, eta horretarako gaur egun harrera zentroetan libre dauden lekuak erabiliko ditu. Ondoren, adingabe horiek harrera familietara bideratzeko asmoa du gobernuak.

Nafarroako Parlamentuan egin du iragarpena Maeztuk, UPNren eta PPren galderei erantzunez. Kontseilariak ukatu egin du Nafarroako adingabeen harrera sarea «gainezka» dagoela. Haren esanetan, legeak zehazten du adingabe migratzaileentzako 237 leku dagozkiola Nafarroari, eta horietatik 207 daude okupatuta gaur egun. Hortaz, 30 leku libre daude, gobernuaren datuen arabera.

Kontseilariak esan du Nafarroak Ceutan sortutako krisiari erantzun behar diola, eta adingabeen banaketan parte hartzeko prest dagoela, betiere «legediarekin» bat eginda. «Ceutan duten errealitateari ezin diogu bizkarra eman», adierazi du. Era berean, gogorarazi du adingabe guztiek eskubide berberak dituztela, jatorria edo migrazio egoera edozein dela ere.

607 leku egoitzetan

Nafarroako Gobernuak adingabeen babes sistema handitu du azken urteetan, Maeztuk esplikatu duenez: 2015ean, adingabeentzako 157 leku zituzten egoitzetan, eta 40 leku zeuden egun osoko edo ingurune irekiko programetan; gaur egun, berriz, 607 leku dituzte egoitzetan eta beste 120 leku ingurune irekiko programetan. Hortaz, egoitzetako leku kopurua ia lau aldiz handiagoa da orain, eta ingurune irekiko programetarako lekuak ere hiru halakotu dira, kontseilariak azpimarratu duenez. Maezturen arabera, hazkundea ez dago lotuta adingabe migratzaileen etorrerari soilik; izan ere, sistema handitu da Osasun, Hezkuntza eta Gizarte departamentuetako zerbitzuek babesgabetasun egoeran dauden pertsona gehiago detektatu dituztelako.

Oso bestelako analisia egin dute PPk eta Voxek. Javier Garcia PPNko parlamentariak zalantzan jarri du Nafarroak adingabe gehiago hartzeko duen ahalmena. Haren arabera, harrera zentroak «gainezka» daude, eta adingabe gehiago hartzeak arretaren kalitatean eragina izango du. Garciak, gainera, Espainiako Gobernuari egotzi dio Ceutako krisiaren erantzukizuna, eta kritikatu egin du Maria Txibite Nafarroako lehendakaria banaketan parte hartzeko prest agertu izana.

Voxeko Emilio Jimenez parlamentariak, berriz, adingabeak jatorrizko herrialdeetara itzultzearen alde egin du, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu du.

Maeztuk gogor erantzun die bi taldeei. PPri leporatu dio Voxen «argudio arrazistak» bere egitea, eta Voxi, berriz, adingabe migratzaileak «gorrotoaren eta desinformazioaren jomugan» jartzea. Kontseilariaren arabera, Ceutako egoera humanitarioa «hauteskunde helburuekin» erabiltzen ari dira bi alderdiok.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA