Alatz Bilbao sukaldaria aitabitxi dela aurkeztuko dute zapatuan Bakioko txakolin berria

Gueñesen, domekan egingo dute sanjoseetako azoka.

Bakioko txakolin berriaren aurkezpena, iazko martxoaren 19an. BERRIA
Bakioko txakolin berriaren aurkezpena, iazko martxoaren 19an. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 19a
08:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gehien ekoizten eta kontsumitzen dena txakolin zuria den arren, Bakiori txakolin beltzak eman dio izena, eta, azken bi urteetan legez, beltzak aparteko lekua izango du sanjoseetan. Zapatuko azokan egingo dute uzta berria aurkezteko ekitaldia, Alatz Bilbao sukaldaria aitabitxi dutela. «Udaleko kideok eta sanjoseetan parte hartzen duten upategiek txakolin beltza lehen lerrora ekartzeko konpromisoa hartu dugu, berezia delako eta komunitatearen erresilientziaren ikur izan daitekeelako», adierazi du Amets Jauregizar Bakioko alkateak.

Jaietako ekitaldi nagusia izaten da Zubiaurrealdeko azoka. Dermatosi nodularra ez hedatzeko hartu diren neurriak direla-eta, aurten ez da ganadurik egongo. Hala ere, aukera egongo da eskualdeko ekoizleen produktuak erosteko. 12:30ean egingo dute topa txakolinarekin, Alatz Bilbaok lagunduta. Bilbaori Michelin izarra eman diote oraintsu, Mungian duen Bakea jatetxean tradizioa eta berrikuntza uztartzeko duen moduagatik. «Guretzat halakoxea da txakolin beltza: tradiziozkoa eta berritzailea. Gaur egun ere interesa pizten du, nahiz eta urteetan merkatuaren logikak ezarri txakolinak zuria izan behar duela», esan du alkateak. Bilbaok Bakioko txakolin beltza du jatetxeko ardoen kartan. Beraz, aitabitxi paregabea irudi zaie ekoizleei. Iaz bezala, Atlantikoaren kostaldeko eskualdeetan ekoizten diren beste ardo beltz batzuen erakusleihoa ere izango da Bakio zapatuan.

Gueñesko San Jose azoka, artxiboko irudi batean. BERRIA
Gueñesko San Jose azoka, artxiboko irudi batean. BERRIA

Gueñesen ere lehen sektoreari begira ospatzen dituzte sanjoseak. Aurtengo azoka domekan egingo dute. Berezia izango da, gainera, 30. aldia izango du eta. Arantza Untzueta Ingurumeneko, Mendiko eta Hiri Plangintzako zinegotziaren esanetan, «landa munduaren ospakizun kolektiboa» da Gueñesko San Jose azoka. Uste du 30 urte bete izanak agerian uzten duela feriak zer-nolako indarra duen eta herriak zenbateko konpromisoa duen bere nortasunarekin eta tokiko ekonomiarekin».

Euskadi plazako aparkalekuan egongo dira abereak ikusgai. Gueñesen ere igarriko dira dermatosi nodularraren ondorioak, eta aurten ez da behirik egongo. Enkarterri kalean, Enkarterriko billano arrazako txakurren 29. lehiaketa egingo dute. Goiz osoan hainbat ekitaldi izango dira. Esaterako, 12:00etan ardiei ilea zelan mozten zaien erakutsiko dute. 12:30ean, herri kirolen erakustaldia egingo dute Galdotza Arana plazan. Leku berean egingo dute txakolin dastatzea, 13:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA