Nico Cuenca

Aldarria, salgai

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pentsatzekoa zen. Banekien helduko zela eguna, baina horrek ez du nire amorrua arintzen. Aurreko zapatuan Bilbon ikusitakoaz ari naiz. Beste hiri handi batzuetan bezala, Harrotasunaren Eguna «ospatzeko» desfilea antolatu zuen Ortzadar LGBT elkartea buru duen Bilbao Bizkaia Harro plataformak. Aurreko urteetan bezala, Bilboko itsasadarra izan da aukeratutako eremua ekainaren 28ko ospakizuna egiteko. Berez, ez dute 28an bertan egiten, baizik eta hurbilen dagoen zapatuan. Itsasontzia alokatu eta Ibaizabal musika eta aldarriz loratzen dute. Bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituzte asteburu horretan: kontzertuak, lehiaketak, hippy estiloko merkatu txikiak...

Betidanik goraipatu izan dut herri mugimenduek egiten duten lana. Gizartearen garaipen gehienak kalean lortu dira, eta ekainaren 28ko datak ezin hobeto azaltzen du borrokaren beharra. 1969an Poliziak New Yorkeko Stonewall tabernako bezeroen aurka egindako sarekadak LGTBIQ+ kolektiboaren borrokaren sua piztu zuen, eta apurka-apurka mundu zabalean hedatu zen. Horregatik uste dut ekainaren 28a borroka hori oroitzeko eguna dela eta kalera atera behar dugula. Eta aldarri horrek festa ere izan behar duela. Emma Goldmanek esan zuen bezala, «ezin bada dantzatu, ez da nire borroka». Ekainaren 28ko manifa musikaz eta alaitasunez zipriztintzearen oso aldekoa naiz.

Bilbao Bizkaia Harro ekimenarekin hasieratik izan naiz nahiko kritiko. Susmagarri egin zitzaidan aurreko edizioetako babesleen artean udal batzuen turismo eta ekonomia sustatzeko sailak aurkitzea. Nolabait, Bilbo gay kolektiboarentzat jomuga turistiko gisa saltzeko estrategiaren bat balego bezala. Ez nengoen oker. Aurreko astean, esaterako, Basque Tour turismoaren euskal agentziak Lisboako EuroPriden parte hartu zuen, stand bat jarrita, gure lurraren turismo sustapena egiteko.

Imajinatzen al duzue, esaterako, martxoaren 8ko manifan konpresa marka baten publizitatea daraman karroza bat egotea?

Aurten, baina, LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrien merkantilizazioan beste urrats bat ikusi dugu Bilbon. Karrozen desfilea antolatu dute aurten lehen aldiz, eta gay jendea nagusiki joaten den Zazpikaleetako tabernen publizitatea jarri dute. Ez nuen uste, egia esan, marra gorri hori gainditzen ausartuko zirenik, baina egin dute. Borroka eta aldarria muinean duen egitasmo batez baliatu dira publizitatea txertatzeko. Imajinatzen al duzue, esaterako, martxoaren 8ko manifan konpresa marka baten publizitatea daraman karroza bat egotea? Gauza bera da.

Ez dezala inork pentsa karrozen kontra nagoenik, inondik inora. Lehentasuna eman behar zaiela uste dut. Baina beste karroza mota batez ari naiz. Gazte izan nahi duen eta adindunak diskriminatzen dituen gizarte honetan benetako karrozei entzuteko deia egin du EHGAMek, Hauek dira gure karrozak, harro egoteko modukoak izaneko bideo batean. LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen defentsan lehen lerroan egon diren militanteak agertzen dira bideoan, Bilbao Bizkaia Harro plataformak eta erakunde publikoek babesten duten modelo merkantilistaren aurka.

Herri mugimenduak ekainaren 28rako urteroko manifestaziora deitu du Bilbon. Aldarria eta borroka izango dute ardatz, eta seguru nago musika eta giro ona ez direla faltako. Karrozak ere ikusiko ditugu, hor egongo direlako kaleak hainbat urtez zapaldu dituzten militanteak. Hor duzue hitzordua hainbat urtetako borrokarekin jarraitzeko. Borroka, musika, giro ona eta karrozak izango dituzue. Publizitaterik, ordea, ez. Aldarria ez dagoelako salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.