Andrazko bost pilotu eta 27 kopilotu ariko dira bihar San Miguel rallysprintean

Eme Emakumeak Automobilismoan klubak bigarren aldiz antolatu du lehiaketa, Etxebarrian. Andrazkoak automobilismora hurbiltzea da helburua.

San Miguel rallysprintaren aurkezpena, ekainaren 16an, Etxebarrian. BIZKAIKO HITZA
San Miguel rallysprintaren aurkezpena, ekainaren 16an, Etxebarrian. BIZKAIKO HITZA
Leire Rodero
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Automobilismoa gizonezkoek menderatutako kirol bat izan da historikoki. Azken urteetan, ordea, emakume talde batek ere hartu du bolantea: Eme Emakumeak Automobilismoan kluba sortu zuten duela bi urte pasa. Auto lasterketetan nesken parte hartzea bultzatzeaz gain, kirol probak antolatzen eta zuzentzen ditu. Espazio inklusibo bat bermatzen du automobilismoan emakumeek eta gizonek baldintza berdinetan lehiatu eta lan egin dezaten. Eme Emakumeak Automobilismoan klubak gero eta pisu eta presentzia handiagoa du. Adibidez, bihar Emek antolatutako bigarren San Miguel rallysprinta izango da, Etxebarritik Elgoibarrera (Gipuzkoa), eta andrazko bost pilotu eta 27 kopilotu ariko dira.

66 autok hartuko dute parte, eta hirutan egingo dute joan-etorria. Iaz baino zazpi auto gutxiago izango dira, baina, emakume parte hartzaileei dagokienez, kopurua mantendu egin da. «Emakumeen partaidetza pixkanaka handituz doa; batez ere, pilotuena. Oraindik gutxiengoa dira, baina», esan du Maria Aranberri Emeko kide, rallyaren antolatzaile eta pilotuak.

«Gure nahia da gero eta emakume gehiago anima daitezela lehiaketetan debuta egitera», adierazi du Maite Lekuona Emeko kide, rallyaren antolatzaile eta kopilotuak. «Horregatik, bereziki babesten ditugu parte hartzaile berriak, esperientzia segurua eta positiboa izan dezaten». Klubak emakumeen automobilismoaren euskal sarearen garrantzia ere azpimarratu du, kirolean zeregin desberdinak dituzten dozenaka emakume biltzen dituen komunitate bat baita. «San Miguel probaren antolakuntzan ofizialki zortzi emakume gaude, baina beste pertsona askoren babesa eta laguntza jaso dugu», gogoratu du Lekuona kopilotuak.

«Gazteek automobilismoa eurentzako benetako aukera bat dela jakin dezaten nahi dugu»

MARIA ARANBERRI
Eme klubeko kidea eta pilotua

Lekuonaren arabera, bere familia ez da bereziki motorzalea izan. «Nire inguruan denak futbolzaleak dira; inork ez zuen automobilismoa jarraitzen». Baina berak txikitatik argi izan du maite duela abiadurak ematen duen adrenalina. Aranberrik ere bere kabuz deskubritu zuen autoen inguruko pasioa. «18 urte nituenean, rallyetan parte hartzen hasi nintzen: lehenik kopilotu, eta gero pilotu». 1990eko hamarkadaren amaieran jaio ziren Lekuona eta Aranberri, eta hainbat eratara bizi izan dute automobilismoa: uztartu egiten dituzte lehiaketa eta antolakuntza. Horrez gain, Eme kluba hazten eta ikusgai egiten lagundu dute.

Biek uste dute automobilismoak kontzentrazio handia eta pasioa eskatzen dituela. Joan den urteko San Miguel rallysprintaren aurretik baino lasaiago daude, baina aitortu dute urduritasunak gora egiten duela eguna gerturatu ahala. 

Estigma soziala 

Lekuona eta Aranberri bat datoz automobilismoaren munduan estigma soziala dela emakumeek duten eragozpen bakarra. «Oztopoak ez dira trebetasun eta prestakuntza falta», ziurtatu du Aranberrik. «Automobilismoak ez du generoaren arabera diskriminatzen», berretsi du. «Hemen azkarrenak irabazten du», gehitu du Lekuonak, eta adierazi errepidean ez dagoela desberdintasunik. «Ez dago emakumezkoen edo gizonezkoen kategoriarik; denok batera lehiatzen gara, eta abiadura eta zehaztasuna izatea da axola duen gauza bakarra».  

«Gure nahia da gero eta emakume gehiago animatzea lehiaketetan debuta egitera»

MAITE LEKUONA
Eme klubeko kidea eta kopilotua

Nahiz eta Emek lagun askoren laguntza eta babesa jaso izan duen, Lekuonak eta Aranberrik badakite andrazkoak «berrikuntza» bezala ikusten direla automobilismoan, eta, nahi edo nahi ez, begiradak haien gain daudela. Horrek bereziki eragiten die motorraren munduan sartu nahi duten neska gazteei. Horregatik, Emek azpimarratu du garrantzitsua dela emakumeei ikusgaitasuna ematea, erreferenteak azaleratzea eta belaunaldi berriei laguntzea.

Eme Emakumeak Automobilismoan taldea ez da mugatzen lasterketak antolatzera. Haren lanaren funtsezko parte bat eskoletan hezkuntza eta dibulgazio lana egitea da. «Emakumeak beti egon dira autoen munduan, eta nahi bezain urrun irits daitezkeela jakitea nahi dugu», esan du Lekuonak. 

Ikastetxeetan, kirola ez ezik, alderdi teknikoak eta segurtasunekoak ere erakusten dizkiete gazteei, ezinbestekoak baitira proba bakoitzaren atzean dagoen lana ulertzeko eta baloratzeko. Emeko kideen ustez, gizarte sentsibilizazioan lan egiten jarraitzea da etorkizuna, prestakuntza teknikoa eta kirol prestakuntza sustatuz, eta automobilismoaren kategoria eta arlo guztietan emakumeen presentzia handituz. «Gazteek automobilismoa eurentzako benetako aukera bat dela jakin dezaten nahi dugu», azpimarratu du Aranberrik. «Kontuan hartu beharreko erreferente femeninoak izan ditzaten nahi dugu. Garrantzitsua da urrats bakoitzean babestuta sentitzea». 

Segurtasun bermea

Automobilismo proba bat antolatzeak lan logistiko eta tekniko handia eskatzen du, antolatzaileen esanetan. Aranberrik azaldu du segurtasuna dela lehentasuna, bai parte hartzaileentzat, bai publikoarentzat. Lasterketa bakoitzaren aurretik, ibilgailuen azterketa sakona egiten da, ziurtatuz federazioen araudiak betetzen dituztela, segurtasun sistema guztiak ezin hobeto daudela eta pilotuek ekipamendu homologatua daramatela —hala nola suaren aurkako arropa eta kaskoak—.

Era berean, zehatz-mehatz kudeatzen dira errepidean dauden seinaleak eta gune kritikoetako zaintza, istripuak saihesteko eta lasterketa ikustera doazenak babesteko. Antolatzaileen, ofizialen eta boluntarioen arteko koordinazioa funtsezkoa da denak behar bezala funtziona dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.