EHUko doktoregaia eta Bilboko Piztiak konpartsako kidea

Irene Barañano: «Antiespezismoa borroka politikoa da: diskriminazioa salatzen ari dira»

Izan zezenketak, izan sokamuturra edo idi probak, oraindik Euskal Herriko festa askotan erabiltzen dira animaliak. Barañanoren ustez, egoera aldatzen ari da poliki-poliki.

Irene Barañano EHUren Leioako campusean, joan den asteko ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irene Barañano EHUren Leioako campusean, joan den asteko ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2024ko apirilaren 1a
05:00
Entzun

Jaietan animaliak erabiltzeari uztea: hori da Bilboko mugimendu antiespezistak dituen jomugetako bat. Aurrekari indartsuak dituzte, Irene Barañano (Laudio, Araba, 1998) EHUko doktoregaiaren eta Piztiak konpartsa antiespezistako kidearen hitzei erreparatuta: mende aldaketan, zezenketen kontrako mugimenduak hauspoa hartu zuen Bilbon, eta makina bat ekintza eta manifestazio egin dituzte bi hamarkadatan. Hiribilduko mugimendu antitaurinoaren historiaz mintzatu zen Barañano joan den astean, EHUk antolatutako Animalia Ikasketa Kritikoen aurreneko kongresuan, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean.

Zezenketen munduan, Bilbo beti izan da erreferentziazko plaza bat. Horrek hauspotu egin zuen mugimendu antitaurinoa?

Ez dakit horregatik izan zen, baina lehenengo manifestaziora hirurehun bat manifestari joan ziren, asko Valentziatik [Herrialde Katalanak] eta Valladolidetik [Espainia]. 1997an izan zen, GDA Animalien Defentsarako Taldeak antolatuta.

Hori izan zen txinparta? Zelan sortu zen mugimendua?

Duela gutxi, GDAko sortzaileetako bat elkarrizketatu nuen, eta esan zidan antiespezistak zirela. Hau da, Bilbon mugimendu antitaurinoa antiespezismoaren eskutik sortu zen. Lehenengo manifestazioan, Egin egunkariak albiste bat atera zuen, baina hedabide gehienek ez, eta haiengana jo zuten galdetzen ea zergatik ez zuten eman. Esan zieten egin zezatela zeozer ikusgarria, edo legez kanpokoa hedabide gehiagotan egoteko. Eta, hurrengo urtean, ekintza zuzenera jo zuten: Litri toreroaren furgoneta margo gorriz blai utzi zuten, eta hedabide guztietan atera ziren.

Hedabideek zer irudi eman zuten? Kriminalizatu egin zuten mugimendu antitaurinoa?

Tira, lehenengo urte haietan istiluak egoten ziren. Adibidez, 2000. urte inguruan, [Juan Jose] Ibarretxe eta [Juan Mari] Atutxa joatekoak ziren zezen plazara, eta Poliziak aktibistei manifestazioa egiteko baimena kendu zien bezperan. Ilegala zen, baina berdin-berdin egin zuten; eskuorriak ere banatu zituzten. Istiluak egon ziren, eta antolatzaileetako bati saihets bat apurtu zioten.

Lehendik ere bazegoen kontzientzia antiespezista Bilbon?

Talde hori Ezkerraldekoa zen. Bilbon egon izan dira talde antiespezistak: 2000ko urteetan, Atea zegoen, Ala, Izarbeltzen inguruan talde batzuk egon ziren, Ura, Psicoterror... Batzuk punk taldeak ziren.

«2000. urte inguruan, Ibarretxe eta Atutxa joatekoak ziren zezen plazara, eta Poliziak aktibistei manifestazioa egiteko baimena kendu zien bezperan. Ilegala zen, baina berdin-berdin egin zuten»

2000ko hamarkada mugarria izan zen?

Bai, baina gizartearen bazterretan; Punk azpikulturan, adibidez. Baina Internet iritsi arte, beganismoa modan jarri den arte, esango nuke ez dela gizartearen muinera iritsi.

2022an Bilboko elkarte antitaurinoa desagertu zen, ezin izan baitzieten aurre egin epaiketa bateko kostuei. Ordura arte, zer bilakaera izan zuen mugimenduak?

Zezenketen kontrako aktibismoa 1990 inguruan hasi zen, eta 2000. urtean Bizkaiko Klub Antitaurino eta Animalista sortu zen. Baina begetarianoak eta orojaleak ere bazeuden; animalismoa mugatzen zen katuetara, txakurretara, zezenetara... 2003. urtean, Pacma alderdi politikoa sortu zuten. 2000tik aurrera, mugimendua oso indartsu egon da, manifestazio asko egin dira. Guggenheim museoan, 2010. urtean, 125 lagunek zezen bat osatu zuten. Kaleko ekintza asko egin dira, baina azken urteetan manifestazioak egin dira, batez ere.

Elkartea desagertu zenetik, ez da beste talde antitaurinorik sortu Bilbon. Zer gertatu zen hango ekintzaileekin? Nola artikulatzen dituzte orain zezenketen kontrako ekintzak?

Bilboko elkarte antitaurinoak zuen abuztuko manifestazio antitaurinoa antolatzeko ardura, Aste Nagusiko bigarren larunbatean egiten dena. Talde antiespezistek hartu dute lekukoa. 2022an, Durangalde Antiespezistak egin zuen, eta 2023an, Veganas Unidasek. Eta iaz, gainera, Animalistak taldeak beste manifestazio bat egin zuen, ekainean, zezenketak ekainetik aurrera antolatzen hasten baitira. La última embestida kanpainaren barruan, iazko ekainean, kontzentrazioak egin zituzten Ivan Fandiñoren memoriala ospatu zen egunetan: megafono batekin, plazaren ondoan. Pacma eta beste talde batzuk ere batu ziren kontzentrazio horietara. Kanpaina Animalistak taldearena da, baina asmoa da plataforma bihurtzea, asanblea ireki baten bidez; Animalistak-ek askatu dezan, eta talde gehiago sar daitezen antolakuntza aktibora.

Elkarte antitaurinoa desagertzeak min egin zion mugimenduari?

Taldea guztiz desmobilizatu zuen; ni saiatu naiz haietako batzuekin hitz egiten, eta ez dago modurik. Sufrimendu handiko hiru urte izan ziren, eta azkenean ez zuten ezer lortu. Baina mugimendu antiespezistak indartsu jarraitu du, eta garrantzitsua da mugimendu antitaurinoa antiespezismoaren markoan egotea.

Zezenketen kontrako aktibista mordo bat zezen bat irudikatzen, 2010eko abuztuaren 21ean, Bilboko Guggenheim Museoaren ondoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Zezenketen kontrako aktibista mordo bat zezen bat irudikatzen, 2010eko abuztuaren 21ean, Bilboko Guggenheim museoaren ondoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Aste Nagusi guztietan, sare sozialetan agertzen dira zezen plaza erdi hustuaren argazkiak, eta, oro har, zezenketen datuak negatiboak dira Bilbon. Zer bilakaera ikusten diozue?

Gasteizen gertatutakoa espero dugu: jendeak joateari utziko diola. Baina horretarako denbora behar da. Arazoa da Bilbon jende asko kanpotik etortzen dela; zezenzaleak inportatzen dituzte zezenketa egunetarako. Guk ez dugu nahi bere kabuz hiltzen utzi, luza daitekeelako, eta urte askotan torturatuko dituztelako zezenak eta zaldiak. Gure asmoa da bultzada bat ematea.

Zein da bide orria?

Protestatzen jarraitzea. Baina kontuan izanda 2013. urtetik zezenketek babes konstituzionala dutela. [Babestuta daude zezenketak, eta debekatuta horien kontra joatea. Eta tortura, erailketa eta halako hitzak erabiltzea ere legez kanpokotzat jo daiteke]. Eta Bilboko Udalaren partetik erresistentzia handia dago zezenketak kentzearen kontra. Orain, estatu mailan, lege egitasmo bat sortu da, No es mi cultura izenekoa: 500.000 sinadura lortu nahi dira zezenketei babes konstituzionala kentzeko.

Babesaren ondorioz, tentuz jokatu behar duzue?

Guk beti zaindu dugu hizkuntza, eta manifestazioetarako baimena eskatzen dugu. Baina beste modu batean erreakzionatzen dute. Iazko udan, BMF Toros ganadutegiak publizitate kanpaina bat egin zuen hiriko tranbian biniloak ipinita eta faroletan kartelak eskegita, Aste Nagusian egongo ziren toreroen aurpegiekin. Gorriz pintatuta agertu ziren. Herriak erresistentzia bat erakusten du, baina aurpegia tapatuta, badaezpada.

«Iazko udan, Bilboko Udalak eta BMF Toros ganadutegiak sokamuturra berreskuratu zuten, aldarrikatzeko zezenak ez direla bakarrik 'espainolak'»

Bilboko Udalak debekatu nahi izan balu kanpaina hori, egin ahalko zukeen?

Guk udaleko talde politiko batzuekin hitz egin genuen, Podemosekin eta EH Bildurekin, zezenketaren kontrako manifestaziora atxiki zirelako, eta esan ziguten kontu pribatua zela, tranbia Euskotren enpresarena baita.

Beraz, udaletik ezer gutxi egin dezakete?

EH Bildu askotan saiatu izan da zezen plaza kulturgintzaren plaza bihurtzen, eta herri kontsulta batzuk planteatu dira, baina ez da ezer egin, azkenean.

Espezismoa mugimendu politizatu bat da?

Bai. Eta Bilboko mugimendu antiespezistak zezenketei erreparatu die, sokamuturra ere badagoelako tartean. Oro har, Euskal Herriko jaietan egiten den animalien erabilera daukagu jopuntuan: bigantxak egiten dira, idi demak...

Jai batzuetan, animaliak erabiltzeari utzi diote. Aldaketa kosmetikoa da, edo sakonagoa?

Aldaketatxo bat dago. [Lekeitioko] Antzarak, adibidez, kendu dituzte; Eibarren [Gipuzkoa] zezen plaza ezin da gehiago erabili. Bilboko Konpartsek, lehen, arrantza txapelketa egiten zuten, baina Piztiak-ek lortu zuen konpartsek antolatu ez dezaten animalien sufrimenduan oinarritzen den aisialdia. Gainera, aurten, Bilboko Konpartsen federazioa antitaurinoa egin da publikoki, Piztiak-ek eta beste konpartsa batzuek eskatuta. Bide ona da, baina oraindik asko falta da, eta erresistentziak daude. Iazko udan, Bilboko Udalak eta BMF Toros ganadutegiak sokamuturra berreskuratu zuten, aldarrikatzeko zezenak ez direla bakarrik espainolak.

Ekintza presentzialak jarraitzen du eraginkorra izaten?

Bai. Konpartsen federazioan egiten ditugun aldarrikapenak, eskaerak... Kontzientziazio lan handia da. Haientzat antiespezismoa existitzen da, zu existitzen zarelako. Hasieran, Piztiak-ekoak erridikulizatzen zituzten, lorejale eta abar deituta, eta ez zituzten serio hartzen; baina hamar urtetan, Piztiak-ek erakutsi du bere borroka politikoa dela, feminismoarena, antirrazismoarena edo antikapazitismoarena bezalakoa: diskriminazioa salatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.