Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa eta Global Sumud Flotilla omenduko dituzte bihar Gernika sarietan

Mundu mailako bakearen eta berradiskidetzearen hiri bihurtu nahi dute Gernika. Armeniako, Azerbaijango eta Bosnia eta Herzegovinako enbaxadoreak, Alemaniako Gobernuaren ordezkari bat eta Espainiako Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaria izango dira han.

Combatants for Peace elkarteko Saliman Khatib israeldarra eta Iris Gur palestinarra, Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñorekin, 2024an, Gernika saria jasotzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Combatants for Peace elkarteko Saliman Khatib israeldarra eta Iris Gur palestinarra, Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñorekin, 2024an, Gernika saria jasotzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 25a
08:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bonbardaketaren 89. urteurrenean, bakea aldarrikatuko du berriro ere Gernika-Lumok. Global Sumud Flotillak eta Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioak jasoko dute bakearen eta adiskidetzearen aldeko 2026ko Gernika saria, bihar. 12:00etan egingo dute ekitaldia, Elai Alai aretoan. Herrialde biek Espainian dituzten enbaxadoreek hartuko dute oroigarria. Bosnia eta Herzegovinako enbaxadorea ere Gernikan egongo da, iaz bezala; izan ere, Nazio Batuen Erakundeko Zibilizazioen Aliantzak bakearen aldeko egitasmo bat sustatzen du, eta bai Gernika bai Sarajevo egitasmo horren egoitza izan dira. Beste ekitaldi bat egingo dute hiru enbaxadoreekin 14:00etan, Jai Alai frontoian.

Ez dira ekitaldietan parte hartuko duten nazioarteko agintari bakarrak. Iaz Alemaniako presidenteak egindako bisita historikoaren ondoren, herrialde hartako gobernuak erabaki du aurten ordezkari bat bidaliko duela lehenengoz bonbardaketa gogoratzeko ekitaldietara. Espainiako Gobernuaren izenean Fernando Martinez Lopez Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria joango da berriro ere. Udalaren esanetan, hainbat herrialdetako agintarien presentziak indartu egiten du Gernikak bakearen eta adiskidetzearen arloan nazioartean duen izena.

Aspaldi hasi zituzten oroimen ekitaldiak Gernikan, baina omenaldi instituzionalak gaur eta bihar egingo dituzte. Berbarako, gaur, Gernika-Lumoko Udalak gudariak omenduko ditu Pasealekuan, 12:15ean. Bihar, Memoria demokratikoaren lekua izeneko eskultura inauguratuko dute, 11:00etan, San Juan Ibarra plazan. Pieza berria Nestor Basterretxearen Suak eragindako agonia eskulturatik hurbil egongo da; hain zuzen, 1937ko erasoan lehen bonba erori zen inguruan. Lehenengoz, bakearen usoak askatuko dituzte 15:45ean, eta agintari eta sarituek hartuko dute parte.

Berritasunak ez ezik, urteroko ekitaldiak ere ez dira faltako biharkoan: George L. Steer kazetariaren omenaldia (11:30), sirena hotsa bonbardaketaren orduan (15:45), agintariek hilerrian egin ohi duten lore eskaintza (16:30), kale antzerkia (21:00) eta kandelen ibilbidea (21:30), besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA