Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako azken zerga aldaketek zeresana sortu dute, bereziki osasun aseguru pribatua duten zergadunentzako %20ko kenkariak. Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak txarretsi du baliabide publikoak osasungintza pribatua sustatzeko erabiliko direla. Horregatik, neurri berriak jasotzen dituen foru-arau proposamenaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte gaur Batzar Nagusietan. «Oso larria iruditzen zaigu euskal osasun publikoak duen egoera ikusita osasungintza pribatua sustatzea; Osakidetzak baliabide gehiago behar ditu», ohartarazi du Jose Ignacio Martinez plataformako kideak.
Batetik, foru-arau proposameneko IV bis kapitulua kentzeko eskatu dute, horretan dago-eta jasota neurria. Bestetik, kenkari horrekin Bizkaiko Foru Ogasunak zergadunei itzuli beharko liekeen diru kopurua Osakidetzara eta zaintzari lotutako bestelako zerbitzu publikoetara bideratzeko eskatu dute, «herritar guztientzako osasun arreta unibertsala, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatuko lukeen finantzaketa eredu bat sortuta».
Martinezek nabarmendu du Osakidetzak arazo larriak dituela: osasun langileen falta, itxaron-zerrenda luzeak, lehen arreta ahuldua eta osasun zentroen egoera kaskarra aipatu ditu. Plataformako kideek salatu dute kenkari horrek larriagotu egingo dituela. Gainera, iruditzen zaie neurri «erregresiboa eta bidegabea» dela, errenta handia duten bizkaitarrei eta aseguru etxeei baino ez dielako egiten mesede. «Abiadura bi dituen osasungintza bat sustatzen dute: pribatua ordaindu dezaketenentzat, eta publikoa, gero eta ahulagoa, gainontzekoentzat». Hiru bizkaitarretik batek aseguru pribatua duela esan du Martinezek, eta salatu du horrelako politikek joera hori indartzen dutela.
Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak bestelako zerga politika bat eskatu du, «aberastasunaren banaketa justua ahalbidetuko eta zerbitzu publikoak indartuko dituena». Era berean, «erabat publikoa» den osasun sistema bat eskatu du, «kalitatezkoa eta doakoa».
«Eztabaida, oso zabalik»
Joan den astean abiatu zuten foru-arau proposamenaren tramitazioa. Urriaren 21era arte aurkeztu daitezke alegazioak. Orain, Osasun Publikoaren Aldeko Plataformakoen asmoa da neurrion aurka dauden beste eragile batzuekin biltzea eta zerbait antolatzea foru araua behin betiko onartuko den osoko bilkuraren egunerako. «Uste dugu ahalik eta batasunik handiena lortu behar dugula osasun publikoaren defentsan», adierazi du Martinezek.
Diputazioak aurkeztutako aurreproiektuak soilik EAJren babesa lortu du oraingoz: haren gobernukide PSE-EEri ez zaio gustatu, eta gobernu kontseiluan abstenitu egin ziren diputatu sozialista biak. Sozialistek eta jeltzaleek Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako zerga esparru komun bat adostu dute, eta akordio horretan ez dago osasun aseguru pribatuei lotutako kenkaria. «Eztabaida oso zabalik dago, eta horregatik uste dugu aukera dagoela neurri hauek foru arautik kentzeko», esan du Martinezek.