Astelehenetik aurrera Bizkaibusek hobekuntzak egingo ditu Lekeitio, Gernika-Lumo eta Bilbo arteko loturetan

Lekeitio eta Bilbo arteko lineetan lehen eta azken orduko konexioak hobetuko dituzte, eta Gernika-Lumotik Lekeitiorako joan-etorri gehiago egingo dituzte.

Bizkaibus zerbitzuko autobus bat, Gernika-Lumoko geltokian, maiatzaren 14an. ANE MARURI ARANSOLO / BUSTURIALDEA, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Bizkaibus zerbitzuko autobus bat, Gernika-Lumoko geltokian, maiatzaren 14an. ANE MARURI ARANSOLO / BUSTURIALDEA, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 28a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondo bidean, 2029tik aurrera Bizkaibus berrituta ibiliko da herrialdeko errepideetan. Baina, ordura arte, hobekuntzak egitea da Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailaren asmoa. Hala, gaur iragarri du Lea-Artibain eta Enkarterrin konexioak sortu eta maiztasunak hobetuko dituela hainbat lineatan. Lehen neurriak ekainaren 1ean sartuko dira indarrean: Lekeitio eta Bilbo arteko lineetan lehen eta azken orduko konexioak hobetuko ditu, esaterako.

Astelehenetik aurrera, Bilbo eta Lekeitio autobidetik lotzen dituen A3512 lineak ordubete geroago etengo du zerbitzua, eta 20:45ean barik, 21:45ean irtengo da azken autobusa Bizkaiko hiriburutik kostaldera. Era berean, gaur egun, A3513 lineako azken autobusa 21:05ean irteten da Bilbotik, baina ez du ibilbide osoa egiten: Gernika-Lumon bukatzen du bidea. Astelehenetik aurrera, Lekeitioraino jarraituko du. A3523 linean, goizeko lehen orduko zerbitzua jaiegunetan ere emango dute: 07:05ean autobus bat joango da Gernika-Lumotik Lekeitiora. Gainera, urteko egun guztietan lotura gehiago izango dituzte Gernika eta Lekeitio artean, goizeko lehen orduan eta gauekoan. Nahiz eta oraindik zehazteko dagoen noiz jarriko duten martxan, lanean ari dira Lekeitio eta Gernika-Lumo Usansoloko ospitalearekin lotuko dituen linea zuzen bat sortu eta, hala, orain baino zerbitzu azkarragoa eskaintzeko.

Bizkaibus beti geratuko da Muntsaratzen

Astelehenetik aurrera, Bizkaibusen A3923 lineako autobus guztiak —Bilbo eta Elorrio artekoak— geratuko dira Muntsarazko geltokian. Orain arte zerbitzu jakin batzuetan baino ez zuen geldialdia egiten auzo horretako geralekuan. Abadiñoko Udalak iaz helarazi zion Bizkaiko Foru Aldundiari autobusa beti geratzeko eskaera. Diputazioak ezetz erantzun zuen hasieran, baina bizilagunek udalaren eskaera babestu zuten bostehun sinadura inguru bilduta; beraz, diputazioak onartu egin du azkenean. Guztira 1.875 lagun bizi dira Muntsaratzen. Aldaketak ez du ondoriorik izango ez maiztasunetan ez bidaiaren iraupenean.

Artibai ibarrean irailetik aurrera igarriko dituzte aldaketak. Bilbo, Ermua eta Ondarroa lotzen dituen A3916 lineak bidaia gehiago egingo ditu Markina eta Ondarroa artean, goizeko lehen orduan errazagoa izan dadin industrialdeetara eta lantokietara garraio publikoan joatea. Asteburuetan ere konexioak hobetzeko asmoa dute, besteak beste, goizetan espedizioak sortuta. Horrez gain, A3915 linean, Bilbo eta Ondarroa artean arratsaldeko zerbitzu zuzen gehiago ipintzeko asmoa ere badute, herritarrek lanerako joan-etorriak errazago egin ahal izateko.

Datorren urtean, berriz, eskualde barruko konexioa hobetuko duten neurriak hartuko ditu Bizkaibusek, Lea-Artibain ez ezik, baita Enkarterrin ere. Herrigune sakabanatuetako garraio beharrei erantzutea da asmoa. Horretarako minibus txikiak erabiliko dituzte, eta zerbitzuaren ordutegi tarteak handitu. Enkarterrin, esaterako, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Artzentales, Galdames eta Turtzioz Bizkaibuseko linea nagusiekin lotuko dituen zerbitzu bat ezarriko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA