Astelehenetik aurrera zarratuta egongo da Txorierriren eta Salbeko zubiaren arteko tunela, bost hilabetez

Bilboko beste leku batzuetan ere obrak daudenez, udalak mugimendu handieneko orduetan garraio publikoa erabiltzeko eskatu du. Bizkaibuseko linea batzuek ibilbidea aldatuko dute; aireporturakoak, berbarako.

Txorierri eta Salbeko zubia lotzen dituen Artxandako tunela, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Txorierri eta Salbeko zubia lotzen dituen Artxandako tunela, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urriaren 28a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost hilabetez zarratuta egongo da Txorierriren eta Salbeko zubiaren arteko Artxandako tunela, berritze lanak egiteko. Astelehenean itxiko dute, 20:00etan, eta apirilaren 2an zabalduko dituzte berriz, diputazioak egindako aurreikuspenen arabera. Lanen helburua da erabileraren eta mendiko urak eragindako higaduraren ondorioak konpontzea, eta, bide batez, gaur eguneko segurtasun irizpideetara egokitzea. Dagoeneko Artxandako beste tunelak berritu ditu diputazioak.

Egunero, batez beste, 15.000 ibilgailu igarotzen dira tunel horretatik. Beraz, nabarmena izango da beste sarbideetan izango duen eragina. Izan ere, obrak amaitu bitartean, Deustura irteten den tunela edo beste sarbide bat erabili beharko dute gidariek. Enekuritik sartzen direnek, itsasadarrerako bidea hartzen badute, aspaldi igarriko zuten Carmelo Bernaola tuneletako bat ere zarratuta dagoela, lanengatik. Orain bukatzekoak ziren, baina udalak iragarri du urtarrilera arte atzeratuko dela tunela zabaltzeko eguna.

Era berean, joan den astean hasi zituzten Etxebarritik Bilbora sartzeko Begoñako tunelak konpontzeko beharrak. Guztira, zortzi hilabetez ibiliko dira lanean. Orain, Guridi Musikariaren plazarako norabidean dagoen tunelean hasi dira, eta lau hilabetez arituko dira horretan. Bien bitartean, beste tuneletik bi norabideetan pasatu ahal izango da, eta oinezkoek ere beste tuneletik pasatu beharko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak esan du Bilboko Udalarekin koordinatuta abiatu dituela Artxandako lanak. Hala ere, udalak kezka agertu du datozen asteetan sor litezkeen trafiko arazoen inguruan. Horregatik, gidariei eskatu die, ahal duten neurrian, 07:30etik 09:30era bitartean ibilgailu pribatua ez erabiltzeko. Eta ez soilik bilbotarrei: Txorierritik eta Uribe Kostatik Bilbora joan ohi direnei ere garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin diete. Udalak uste du pilaketa handienak Deustuko zubian eta Agirre Lehendakariaren etorbidean sortuko direla.

DERIOKO EUSKOTRENEN GELTOKITIK AIREPORTURA, BIZKAIBUSEZ

Bizkaiko Foru Aldundiak uste du Artxandako tunela zarratuta egoteak Bilboren eta aireportuaren arteko Bizkaibus linearen zerbitzua okertu dezakeela. Batetik, ibilbidea luzeagoa izango da, eta, ondorioz, baita bidaiaren iraupena ere. Gainera, baliteke obrek hiriburuan auto pilaketak eragitea, eta, horren ondorioz, ibilbide honi ere eragitea. Beraz, erabaki du Euskotrenek Derion duen geltokitik aireportura joan-etorrian ibiliko den autobus lotura bat sortzea. Ordu erdiro ibiliko da, eta ez du beste geralekurik izango. Astelehenean bertan hasiko da martxan, eta diputazioaren asmoa da tuneleko obrak bukatuta ere zerbitzu berri horri eustea, erabiltzaileen harrera ona izan bada. 

Garraio publikoan ere eragina izango du Artxandako tuneletako bat zarratuta egoteak. Orain arte Bilbotik irten eta Bilbora sartzeko tunel hori erabiltzen zuten Bizkaibuseko lineek beste ibilbide bat izango dute datozen bost hilabeteetan. Esaterako, Rekalde zumardiko geralekuen ordez, beste batzuk izango dituzte Bilbotik Loiuko aireportura eta Getxora doazen autobusek. Aireporturako lineako autobusak Zubiarte merkataritza gunearen pareko Bilbobusen geralekua erabiltzen hasiko dira. Getxoko lineakoak, berriz, Getxora bidean Elkano kaleko 1. atariaren parean geratuko dira, eta bueltako bidean Elkano kaleko 2. zenbakian dagoen Bilbobusen geralekuan.

Bizkaibusen beste linea batzuetan ere izango du eragina tunela zarratuta egoteak, nahiz eta orain arteko geraleku berberetan geratuko diren. Bizkaiko hainbat herri Leioako campusarekin lotzen dituen honako hauek dira: Galdakao-EHU, Ugao-Basauri-Etxebarri-EHU eta Santutxu-EHU (autobidea). Linea horietako ibilbideak luzeagoak izango dira bost hilabeteotan, eta baliteke obrek trafikoan izango dituzten ondorioek ere eragina izatea bidaiaren iraupenean. Horregatik, diputazioak bidaiak aurrez aldetik prestatzeko eskatu die erabiltzaileei.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA