Athleticek Gernikako arbolaren kimu bat jaso du, Pragan landatzeko

Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik Gernikako arbolaren enbaxadore izendatu du kluba. Arbolaren kimu bat eman die gaur ordezkari zuri-gorriei Gernika-Lumoko batzar etxean.

Jose Angel Iribar Athleticeko ordezkaria, Nerea Ortiz Athleticeko presidenteordea, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea, Raquel Goñi bigarren presidenteordea eta Jane Eyre Urkieta bigarren idazkaria, gaur, Gernika-Lumon. BERRIA
Jose Angel Iribar Athleticeko ordezkaria, Nerea Ortiz Athleticeko presidenteordea, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea, Raquel Goñi bigarren presidenteordea eta Jane Eyre Urkieta bigarren idazkaria, gaur, Gernika-Lumon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 21a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Angel Iribar eta Athleticen zuzendaritzako hainbat kide Gernika-Lumoko batzar etxean izan dira goizean. Izan ere, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Gernikako arbolaren enbaxadore izendatu du futbol kluba, eta arbolaren kimu bat eman dio. Athleticek Txekiako hiriburuan landatuko du azaroaren 25ean, Slavia Praga taldearen aurka Txapeldunen Ligako partida jokatzera doanean. 

Otaduiren esanetan, Gernikako arbola «askatasunaren, autogobernuaren, errespetuaren eta bakearekiko konpromisoaren sinboloa da». Athleticek dituen balioak ere azpimarratu ditu Batzar Nagusietako presidenteak: «Inklusioa, nortasun kulturala eta herri harrotasuna gorpuzten ditu». Horregatik, uste du erakunde egokia dela enbaxadore izateko. «Gogora datorkigu gure sustraiek indartsu egiten gaituztela, eta batera ditugun balioek bildu egiten gaituztela». Otaiduren esanetan, egitasmo horrekin hainbat printzipio zabaldu gura dituzte Europara: «elkartasuna, errespetua, talde lana, gure nortasunarekiko fideltasuna eta gero eta hobeak izateko grina».

Klubaren izenean, Nerea Ortiz presidenteordeak esan du «harrotasunez» hartu dutela izendapena. Gogoratu du Athleticek Follow Something Unique iniziatiba sortu zuenean helburu izan zutela talde zuri-gorriaren balioak Txapeldunen Ligako aurkarien hirietara eroatea. Gernikako arbolaren kimua Europara eroatea Athleticen «balioak landatzeko modu bat» dela esan du Ortizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.