Duela 30 urte utzi zioten Atxarteko harrobiak ustiatzeari. Jarduera eten ondoren, ez zuten ingurua lehengoratzeko lanik egin, eta, harrezkero, bertan behera utzita egon da 50 hektareatik gorako eremu zabala. Abadiñoko Udalak berreskuratu egin gura du, «Urkiolako parke naturalean integratuta egongo den espazio bizi bat» sortzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeak lagunduta, prozesu parte hartzaile bat abiatuko dute, Abadiñoko eta Durangaldeko herritarrek erabaki dezaten zertarako erabili etorkizunean. Atxarte osatzen ipini diote izena planari, eta gaur aurkeztu dute.
Ikusi gehiago
Garrantzi geologiko, ekologiko eta paisajistiko «bikaina» duen babes bereziko eremu batean dago harrobia. Bertan behera utzitako hainbat industria azpiegitura ditu, erauzketak lurzoruan eragindako kalteak agerikoak dira, eta, higadura prozesuaren ondorioz, lekua arriskutsua da. Ondorioz, lehengoratzearen oinarrietako bat ingurumena eta klima erresilientzia izango dira, Ekopoleko ikertzaileek nabarmendu dutenez. Baina helburu sozial eta kulturaletarako ere erabili gura dute. «Atxarteko harrobiak berreskuratzea tokiko nortasuna indartzea da», esan du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak. Horregatik, uste du erabakiak ezin direla bulegoetan hartu: «Memoria soziala duen espazio bat da, balio sinboliko handia duena».
'atxarte osatzen'
- Martxoak 12. Atxarte, iraganetik etorkizunera dokumentalaren proiekzioa, Abadiñoko Errota kultur etxean, 19:00etan.
- Apirilak 23. Mahai ingurua, Durangoko San Agustin kulturgunean.
- Maiatza. Saio irekiak, Abadiñoko auzoetan, eta tailerrak, Abadiñoko ikastetxeetan.
- Ekaina. Bisita gidatua Atxarteko harrobira.
- Uztaila. Emaitzen aurkezpena.
Parte-hartze prozesuak badu ibilbide orria. Datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dituzte, herriko eta eskualdeko herritarrekin batera: informazio saio publikoak, tailerrak, inkestak, harrobirako bisitak... Atzarteosatzen.eus webgunean kontsultak eta proposamenak egiteko aukera ere emango dute. Planak lau jarduera eremu ditu, eta guztiak landuko dituzte parte-hartze prozesuan: paisaia eta ingurumena lehengoratzea, bioaniztasuna babestea, lurzoruko kutsadura kentzea, eta balio soziala eta kulturala zelan eman.
Lehengoratze ekologikoaren eta gobernantza parte hartzailearen arloan, Atxarte eredu bihurtu gura dute Abadiñoko Udalak eta Ekopoleko kideek. «Gune degradatu bat berreskuratzeaz harago, komunitatearen eta lurraldearen arteko harremana ere definituko da parte-hartze prozesuari esker», adierazi dute ikertzaileek.