Autobus txiki bat mugikortasuna hobetzeko

Bizkaibusek mikrobus zerbitzu berria abiatuko du bihar Busturialdean, bertoko herriak lotzeko eta maiztasuna ugaritzeko. Alkateek pozik hartu dute neurria. «Autonomia handiagoa emango die biztanleei».

Bizkaibusen mikrobus berrietako bat Mendatan, maiatz bukaeran. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bizkaibusen mikrobus berrietako bat Mendatan, maiatz bukaeran. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
amaia igartua aristondo
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antzeko ezaugarriak dituzten herriak dira: biztanle nukleoak sakabanatuta eta bakartuta daude, herritar dentsitate txikiko tokiak dira, eta irregularra da garraio eskaria. Hortaz, berdintsuak dira mugikortasunari dagozkion buruhausteak: garraio publikoaren ibilbideak ez dira bazter guztietara heltzen, lineek maiztasun txikia izaten dute, eta, ondorioz, kasik ezinbestekoa da autoa erabiltzea. Bizkaiko eskualde batzuetan gertatzen da halakorik, eta Busturialdea da horietako bat; hain justu, han hasiko dira probatzen Bizkaibusen mikrobus zerbitzu berria. Bihartik aurrera, Busturialdean hiru ibilbide egingo dituzte mikrobusek: eskualdearen iparraldean, hegoaldean eta ekialdean. Hamahiru herritara helduko dira, zehazki: Elantxobe, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Murueta, Nabarniz, Sukarrieta, Arratzu, Errigoiti eta Morga. Barik txartelarekin funtzionatuko dute.

Hamalau lekuko ibilgailuak dira, eta horietako bat egokituta dago mugikortasun mugatua duten erabiltzaileentzat. Sonia Perez Ezkerra (PSE-EE) Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko saileko foru diputatuaren arabera, ohiko autobus handiak baino egokiagoak dira, eremuko ezaugarriei erreparatuta. «Adibidez, toki batzuetan autobus handi bat igarotzen da bi ordutik behin, eta geldialdi eta bidaiari gutxi ditu, egungo errepideek ez baitute modurik ematen tamaina horretako ibilgailu batek ikuspen nahikoarekin eta seguru bidaia dezan». Mikrobusari esker zerbitzu «eraginkorragoa» eskainiko dutela adierazi du Perezek: maiztasuna ugarituko dute, herriok Gernika-Lumorekin duten konexioa sendotuko dute, eta ibilbideak nukleoetatik gertuago igaroko dira, esplikatu duenez.

«Bermatu nahi dugu udalerri txiki batean bizitzeak ez dezala esan nahi aukera gutxiago edukitzea eta beti autoaren menpe egotea»

SONIA PEREZ EZKERRABizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko saileko diputatua

Neurria pozik hartu du Morgako alkate Mari Tere Artetxe Barrenak (EAJ), eta mikrobusak «ekarpen handia» egingo diela nabarmendu du. Izan ere, orain Bizkaibusen linea bakarra igarotzen da herritik, eta egunean hirutan baino ez: goizean, eguerdian eta iluntzean. Aldiz, mikrobusa 09:30etik 21:30era ibiliko da, bi orduan behin. Morga Busturialdeko herria izan arren, zerbitzuak hainbat eskualdetan ditu banatuak, Artetxek aletu duenez: mankomunitateko kudeaketaren bat egiteko eta medikuaren hitzorduetarako Gernikara joan beharra dute, eta hara jo ohi dute erosketak egitera ere; horrez gain, Txorierrin dute ikastetxea, eta Mungialdean posta zerbitzua. Autobusaren egungo maiztasuna eskas geratzen da eskari horri erantzuteko. «Mikrobusak asko erraztuko digu mugikortasuna: herritar batzuk besteren baten menpe daude, eta autoa erabili beharra dute, eta mikrobusak autonomia handiagoa emango die bertoko biztanleei», txalotu du Morgako alkateak.

Iraupenak kezkatuta

Eako alkate Francis Zilonizek (EH Bildu) ere esker ona adierazi dio aldundiari, eta azken urteetako «jarrera aldaketa» aintzatetsi du. «Sekulako enpatiarekin eta proaktibitatearekin jokatzen ari dira, Busturialdeko eskuinaldekooi entzun egin digute». Morgaren antzeko arazoak ditu Zilonizen herriak ere. «Ea eskualdearen mutur batean dago: gure lurretan bukatzen da Busturialdea eta hasten da Lea-Artibai. Leku guztietatik urrun gaude». Gernikan dituzte Bilborako garraioa, institutuak, supermerkatuak eta beste hainbat baliabide. Mikrobusari esker, bikoiztu egingo da Gernikarako autobusaren maiztasuna: egungo linea bi ordutik behin pasatzen da Eatik, eta, errefortzu berriarekin, ordubetero izango dute garraio publikoa.

Hala ere, zerbitzua «herren» geratu da, Eako alkatearen irudiko. Egungo lineak Gernikarekin ez ezik Lekeitiorekin ere lotzen du Ea, baina mikrobus berria ez da Lea-Artibaira igaroko, oraingoz. «Lekeitio falta zaigu: han egiten ditugu erosketak, han ditugu harremanak, Bedaroa auzoko herritarrak hara joaten dira bizitza egitera... Mikrobus zerbitzua eskualde artekoa ere izatea nahiko genuke, epe luzean».

«Mikrobusak asko erraztuko digu mugikortasuna: herritar batzuk besteren baten menpe daude eta autoa erabili beharra dute»

MARI TERE ARTETXE BARRENAMorgako alkatea

Zilonizek beste gabezia batzuk ere ikusten dizkio zerbitzuari, edozelan ere. Autoz, ordu laurdenean egiten da Eatik Gernikarako bidea; mikrobusean, hiru ordu laurden beharko dira udan, eta ordubete neguan —Laga eta Laida hondartzetatik ere pasatuko baita hilabete horietan—. «Hori ez da erakargarria erabiltzaileentzat. Aldea handia denez, ez dakigu mikrobusak harrera ona izango duen». Era berean, Morgatik Gernikara azkarrago ailegatzen da autoz autobusez baino —mikrobusak ordu erdi bat beharko du, gutxi gorabehera—, baina Artetxe alkatea baikorragoa da erabilerari dagokionez: «Autobusa erosoagoa da: ez duzu aparkatu behar, ez daukazu autoaren ardura... Abantailak baditu».

Horrez gain, Eako alkate Zilonizek azaldu du mikrobusa herrigunetik abiatuko dela, eta, hortaz, ez dela Bedaroa auzotik igaroko, ekialdeen dagoen auzotik. Etorkizunera begira, Artetxek ere auzoen konexioa du begiz joa, Morgako herritarrak oso sakabanatuak baitaude. «Auzoak lotzea da egungo sistemaren muga nagusietako bat», onartu du Perez Mugikortasun diputatuak. «Badira lekuotatik igarotzen diren lineak, bai, baina ez behar diren tokietatik edo behar direnean. Horrek deskonexio eta abandonu pertzepzioa eragiten die herritarrei».

Etorkizunerako, algoritmoa

Mikrobus berriek urruneko auzoetatik gertuago dauden geltokiak izango dituzte, diputatuaren esanetan, eta, horrez gain, datorren urtean eskariaren araberako zerbitzu bat ezartzeko asmoa dute, alde hori gehiago zorrozteko. Bidaia aldez aurretik erreserbatu ahalko da —aplikazioz, telefonoz edo sarearen bidez—, eta algoritmo batek ibilbiderik efizienteena ezarriko du, erabiltzaileen eskariaren arabera planifikatutakoa. «Hau da, ez da linea finkorik egongo, baizik eta aurretik ezarritako geldialdiak. Jauzi garrantzitsua izango da», balioetsi du Perezek. Operazio zentro bat lantzen ari dira, eta horrek modua emango dio sistema osoari «modu zentralizatu eta bizkorrean» kudeatu ahal izatea.

«Lekeitiorekin lotzea falta zaigu. Mikrobus zerbitzua eskualde artekoa ere izatea nahiko genuke, epe luzean»

FRANCIS ZILONIZEako alkatea

Udazkenean lizitatuko dute operazio zentroa. Halaber, orduan hasiko dira mikrobusaren zerbitzua beste eremu batzuetara hedatzen: Enkarterrira, Lea-Artibaira, Arratiara eta Mungialdera, hain zuzen. «Guretzat lehentasunezkoak dira», azpimarratu du Perezek. «Helburua ez da soilik garraioa hobetzea, baizik eta lurralde kohesioa indartzea. Bermatu nahi dugu udalerri txiki batean bizitzeak ez dezala esan nahi aukera gutxiago edukitzea eta beti autoaren menpe egotea».

datuak

29

Bizkaibusek zenbat bidaia egiten dituzten urtean, milioitan. Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, Bizkaibusen flotako autobusek 29 milioi bidaia inguru eta 28 milioi kilometro egiten dituzte urtero. Astegun bakoitzeko 128.000 lekualdaketa dira, eta, asteburuetako egunetan, 80.000.

101

Bizkaibusek zenbat linea dituen. Gaur egun, Bizkaibusek 101 linea dauzka. Aldundiak hiru motatan sailkatzen ditu: hogei «enborrekoak» dira, Bilbo eskualdeekin lotzen dituztenak; beste berrogei daude eskualdeak haien artean konektatzeko; eta gainerakoak linea «elikatzaileak» dira, udalerri txikiak euren eskualdeko erreferentziazko herriarekin elkartzen dituztenak.

151

Bizkaibusen aurrekontua, milioi eurotan. Bizkaibus zerbitzuak 151 milioi euroko kostua du urtero. Kopuru horren zati txiki bat baino ez da eskuratzen txartelak saltzetik: %20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.