Sei enpresaren esku dago Bizkaibusen lineen kudeaketa, eta laster ziren iraungitzekoak kontratu horiek. Alabaina, Bizkaiko Foru Aldundiak 2028ra arte luzatu ditu. Sonia Perez Ezkerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saileko foru diputatuaren arabera, etorkizuneko kontzesioetan aldaketak izango dira. «Eta ez soilik garapen teknologikoak hala exijitzen duelako, baizik eta lurraldearen beharrak hobeto isla ditzaten nahi dugulako».
Ikusi gehiago
Perezen esanetan, kontzesio berriak «malguagoak» izango dira, eta klausula espezifikoak edukiko dituzte eskariaren araberako garraioa ezartzeko, teknologia digitalak erabiltzeko eta ingurumen jasangarritasunean aurrera egiteko. «Prozesu parte hartzailea izango da: udalekin batera definituko ditugu geralekuak, maiztasunak, lehentasunezko eremuak... Sistemarik onenak tokian tokitik jaiotzen dira».
Bien bitartean, aldundiak pausoak eman nahi ditu etorkizuneko erronketan. Hauek dira Bizkaibusen jomugetako batzuk.
1
Deskarbonizazioa
Deskarbonizazioa ezinbestekotzat jo du aldundiak. Perez Mugikortasun diputatuak adierazi duenez, 2027ra bitartean berritu egingo dute flotaren parte handi bat, «hain kutsagarriak» ez diren teknologiak lehenetsita: hau da, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak. «Kargatzeko azpiegiturak ipintzea ere eskatzen du horrek. Baina gakoa da Bizkaibus sistema geroz eta garbiago bat izan dadin». 142 autobus berri gura dituzte ordurako —horietako 21, elektrikoak—, eta ibilgailuotako 57 aurten txertatuko dituzte.
2
Bilbo arintzea
Bilbon hasi edo bukatzen dira Bizkaibusen lineetako asko, eta horrek trafikoa handitzen du hiriburuan, ibilbide batzuek hainbat geraleku baitituzte udalerri barruan. Sistema efizienteago bat lortzeko, beharrezkoak ez diren 700.000 kilometro ezabatuko dituzte urtero Bilbon; bereziki zentroan, eskaria oso handia da-eta, foru diputatuaren berbetan. «Baliabideak aurreztea eragingo du horrek, beste eremu batzuk indartzeko».
3
Autobus aldaketa
Autobusa ez bada Bilbo erdialdean sartuko, erabiltzaileak beste garraio bat hartu beharko du helmugara heltzeko. Autobus aldaketek garrantzia irabaziko dute aurrerantzean. «Ezin da oztopo bat izan», iritzi dio Perezek. «Kontrara: ondo pentsatuta badago, mugikortasuna erraztu dezake. Busturialdean, adibidez, mikrobusen hiru ibilbideak ordu berean helduko dira Gernika-Lumora, jendeak behar duen aldaketa egin dezan: beste autobus linea batera, trenera, ospitalera...». Autobus aldaketak doakoak izango dira Barik txartela erabiltzen dutenentzat.
4
Garapen teknologikoa
Teknologia digitalen arloan, Bizkaibusen erronka asko daude. Luzea da asmoen zerrenda: aginte postu bateratu bat, segurtasun sistema aurreratuak, edukieraren kontrola... «Funtsean, Bizkaibus adimentsuagoa, seguruagoa eta konektatuagoa izango da», aldarrikatu du foru diputatuak.