Azaroan hasiko dituzte Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lanak

Diputazioak hilabete bi aurreratu du hasiera data. 36 hilabete iraungo dute lehen faseko lanek, eta bukatutakoan hasiko dira bigarrenekoekin.

Ermuko mendebaldeko saihesbidearen zati bat zelan geratuko den erakusten duen irudia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ermuko mendebaldeko saihesbidearen zati bat zelan geratuko den erakusten duen irudia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 21a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ermuarren pazientzia agortu egin da urteetan saihesbidearen zain egon ondoren, eta joan den astean mendebaldeko zatiaren lanen egutegi zehatza idatziz bidaltzeko eskatu zion udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak gaur erantzun du, zeozelan. Ohar bidez iragarri du aurreikusitakoa baino hilabete bi lehenago ekingo diola beharrari: azaro hasieran abiatuko ditu lehen faseko lanak. Bihar esleituko dizkio Interbiak foru sozietateak obrak egingo dituen aldi baterako enpresa elkarteari; Intxausti eta Bycamek osatu dute.

Lehen fasean N-634 errepidean hasi eta BI-3302 errepideko Urtiako biribilgunean bukatuko den zatia egingo dute. Era berean, prest utziko dute bigarren fasearekiko lotura: Izarra izeneko udal eraikinaren parean egingo duten biribilgunea. Interbiak foru sozietateak 21 milioi euro pasatxoko aurrekontua du fase horretarako, eta espero dute 36 hilabetetan bukatuko dutela.

Bigarren faseko lanak Mallumendin hasiko dira, eta Izarrako biribilgunearen eta BI-2301 errepidearen arteko lotura eraikiko dute. Diputazioak urte biz luzatu ditu fase horri dagozkion laguntza teknikorako kontratua eta ingeniaritzakoa, baina ohartarazi du horrek ez duela atzeratuko lanak hasteko data; hau da, lehen faseko lanak hasi eta jarraian hasiko dira bigarrenarekin, 2029an.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA