Urriaren 23an bi urte bete ziren Balmasedako eta Zallako basoek su hartu zutenetik. Ia bostehun baso hektarea erre ziren guztira, eta, ondorioz, milaka zuhaitz eta landare galdu. Sektore publikoak zein pribatuak bultzatutako Basoa Bizi proiektua eremu horiek leheneratzeko lanetan ari da ordutik. Oraingoz, 16,17 hektarea birpopulatu dituzte —kiskalitakoaren %3,2—. Eremu horretan 16.600 tona karbono dioxido metatzea espero dute.
Arabako mugatik gertu dagoen baso batean piztu zen sua, Arbalitzan, argindar sarearen tentsio handiko kableen eraginez. «Azken hiru hamarkadetan Bizkaian izandako suterik larriena izan zen», adierazi du Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak. Hiruzpalau egun behar izan zituzten sutea osorik itzaltzeko, eta hainbat zerbitzutako hirurehun langile baino gehiago mugitu behar izan zituzten; suhiltzaileak eta basozainak, kasurako. Izan ere, Balmasedaz gainera, Zallara, Gordexolara, Artziniegara (Araba) eta Valle de Menara (Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia) ere hedatu zen sua; 498 baso hektarea kiskali ziren guztira.
Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Live festibalak eta Basoa fundazioak osatutako Basoa Bizi proiektuari esker, 11.934 ale landatu dituzte eremu horretan, foru aldundiko Baso zerbitzuaren bitartez. Horien artean, haritzak eta gaztainondoak dira nagusi; 2.350 eta 1.833 ale landatu dituzte, hurrenez hurren. Horiez gainera, koniferoak, urkiak, gereziondoak, sagarrondoak, lizarrak, astigarrak eta arteak ere landatu dituzte, besteak beste.
159Zenbat hektarea birlandatu dituzten Balmasedan 2022tik gaur arte. Administrazio publikoak eta herritarrek egindako lanari esker, Balmasedako 159 hektarea birlandatu dituzte denera 2022ko sutea gertatu zenetik gaur egunera. Suteak gogorren jo zuen udalerria da Balmaseda: erre ziren 498 hektareatik 348 ziren hangoak.
Zuhaitzak landatzetik harago, ordea, jarduerek sortutako karbono aztarna ere aztertu dute proiektuaren bitartez, Aitor Onaindia Basoa fundazioko zuzendari teknikoak esan duenez. «Azkenaldian, garrantzia handia hartu du klima aldaketaren gaiak. Normalean, haren eragin kaltegarria begiratzen da, baina proiektu honek eragin positiboa ere izan du».
Karbonoa kudeatzeko protokoloaren arabera egin dute kalkulu hori, eta ondorioztatu dute bi urte hauetan 9,88 tona karbono isuri direla atmosferara. «Emisio horiek neutralizatzeko asmoz, basoberritutako eremuetan karbonoa xurgatzeko ahalmena monitorizatu da», kontatu du Onaindiak. Lau landaketa mota egin dituzte. «Egindako kalkuluen arabera, hogei urtean 5.300 tona karbono xurgatuko dira, eta, denera, espezie bakoitzaren arabera, 16.600 tona karbono xurgatzea lortuko da urte batzuk barru. Izan ere, fotosintesiari esker, karbonoa xurgatzen dute zuhaitzen hostoek». Hala, atmosferara isuri diren eta landareek xurgatuko dituzten karbono kantitateak alderatuz gero, jasangarritasuna bermatzen dela ondorioztatu du Onaindiak. «Aldea handia da: bestelako isuri batzuk konpentsatzeko aukera ematen du».
Herritar guztien konpromisoa
Atutxak zehaztu duenez, birlandatze lanek datorren udaberrira arte irautea espero dute: «Ordurako, erretako azalera osoa birlandatuta egotea espero dugu». Bide horretan, lankidetza «funtsezkoa» dela nabarmendu du foru diputatuak: «Helburu nagusia ez da paisaia lehengoratzea, baizik eta elkarlanean krisi horri probetxua ateratzea. Halako proiektuak funtsezkoak dira lurralde iraunkor bat eraikitzeko».
Basoak birlandatzeaz batera, askotariko jardunaldiak, bisita gidatuak, sentsibilizazio kanpainak, dibulgaziorako ekintzak eta prestakuntza saioak antolatu dituzte bi urte hauetan. Horrez gainera, herritarren zein eragileen parte hartzea bultzatu dute landaketa prozesuetan.