Otsail hasieran argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean Barakaldo hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzen hasteko desjabetzeak egiteko agindua. Udalerriko hainbat elkartek kezka agertu zuten, eta udalari eskatu zioten neurriak har zitzala «barrabaskeria» hori amaiarazteko. Bada, Amaia del Campo alkateak orain jakinarazi duenez, udalak alegazioak aurkeztu dizkio Agirtza errekaren eta Basatxuko tunelaren artean udal lursailak desjabetzeko aginduari. Udaleko teknikariek agindua aztertu dute, eta, diotenez, «akats larriak» topatu dituzte, «kaltetuei kenduko dizkieten ondasunen beharra justifikatzea eragozten dutenak».
Teknikariek txostenean ohartarazi dutenez, «behin betiko onartu ez den eraikitze proiektu batean oinarrituta» eman da desjabetze agindua. Uste dute kolokan ipini direla «legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak». Gainera, adierazi dute desjabetze aginduan bildutako dokumentazioa ez dagoela behar bezain osatuta, eta iruditzen zaie ez dituela betetzen trenbideen alorreko araudiak eskatzen dituen bermeak. Besteak beste, hauek falta direla irizten diote: obren planoak, aurrekontu zehatza, eraikitze faserako ingurumen baimena, hondakinen kudeaketaren nondik norakoak, eta egingo diren jarduketen justifikazio teknikoa. Era berean, aginduan ez dute jaso zergatik eta zertarako behar duten okupatuko diren lursailetako bakoitza.
Trenbidearen trazaduraren eta proiektuaren berri eman zutenetik, Barakaldoko Udalak kezka agertu du, uste duelako hiriko berdegune bakarra kaltetuko dela. Horregatik, hasieratik eskatu du Gorostitza inguruan trenbidea lurpetik pasatu dadila. «Orain aurkeztu ditugun alegazio hauek beste aukera bat dira Barakaldori entzun diezaioten, barakaldarren ahotsa entzun dezaten», esan du alkateak.