Barakaldoko Udalak erdialdeko auzoetan ezarriko du emisio gutxiko eremua

Besteak beste, Arrondegi, Santa Teresa, Beurko Berria, San Bizente, Zuazo-Arteagabeitia eta Lasesarre auzoek osatuko dute.

Barakaldon emisio gutxiko eremua sortzeko udalak aukeratutako gunea. BERRIA
Barakaldon emisio gutxiko eremua sortzeko udalak aukeratutako gunea. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 31
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barakaldoko Udalak emisio gutxiko eremua non ezarriko duen zehaztu du gaur: erdiguneko auzoek osatuko dute; besteak beste, Arrondegik, Santa Teresak, Beurko Berriak, San Bizentek, Zuazo-Arteagabeitiak eta Lasesarrek. Gurutzeta ere eremuan sartzeko egokia izan zitekeela pentsatu zuten arren, azkenean kanpoan utzi dute, ospitalera milaka lagun joaten direlako, egunero, eta haietako asko, autoz. Alba Delgado Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziaren esanetan, eremu horiek ezarrita, helburua da trafikoaren emisioak %10 gutxitzea, eta Barakaldon lortu ahal izango dute ehuneko hori baino gehiago murriztea. 

Zinegotziaren esanetan, gidariek Barakaldo inguratzeko aukera izango dute emisio gutxiko eremura sartu gabe. Gainera, mugatutako eremu horietatik kanpo geratuko dira hiritik kanpoko ibilgailu asko joaten diren leku garrantzitsuenak: besteak beste, Beurko Zaharra industrialdea, BEC erakustazoka eta Megapark merkataritza gunea. 

Eremua zein izango den zehaztu duen batzorde teknikoak salbuespenezko leku batzuk ere ezarri ditu. Datorren astean proposamena aurkezteko bilerak egingo dituzte, eta haietan azalduko dute zeintzuk diren. Bilerak 18:30ean izango dira, honako egun eta leku hauetan: astelehenean, Clara Campoamor zentroan; martitzenean, Gurutzetako kultur etxean; eta eguenean, Retuertoko gimnasioan. 

Zinegotziak esan du emisio gutxiko eremua ezinbestekoa dela pauso sendoak emateko Barakaldo iraunkorrago baterantz. «Ez da ingurumen arloko neurri bat soilik, gure bizilagunen osasunaren, ongizatearen eta bizi kalitatearen aldeko apustua baizik», nabarmendu du Delgadok. Oraindik ez dute zehaztu emisio gutxiko eremua noiz sartuko den indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.