Iaz baino 10,5 milioi gehiago izango ditu Barakaldoko Udalak (Bizkaia) datorren urtean: ia 151 milioi euro. Datua ezin da alderatu aurtengoarekin, udalak 2024ko aurrekontuak luzatuta pasatu baitu urtea. Udal gobernuak gehiengoa dauka udalbatzan, baina, argitu ez duten arrazoiren batengatik, 2025erako ez zuten aurrekontu proiekturik aurkeztu, nahiz eta hainbatetan esan egingo zutela. Joan den barikuan aurkeztu zieten proiektua oposizioko alderdiei, eta zuzenketak aurkeztu ahal izango dizkiote abenduaren 30era arte. Iratxe Foces Ogasun zinegotziak gaur azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak, prentsaurreko batean.
«Proposamen errealista bat egin dugu, hiriak datorren urtean izango dituen beharrak aseko dituena», adierazi du zinegotziak. Nabarmendu du kale garbiketako eta zabor bilketako zerbitzuak indartuko dituztela. Izan ere, zerbitzu horrek kontratu berria izango du 2026an. Horrez gainera, kirol azpiegiturak hobetuko dituzte, eta indarkeria matxistaren biktimentzako arreta indartu, zinegotziaren esanetan.
Focesek adierazi duenez, bi ardatzen bueltan ondu dute proiektua: pertsonak eta udal zerbitzuak. Hurbiltzaileak zerbitzuak adinekoei laguntzea du helburu, eta Barakaldoko nagusien zentroetan eskaintzen da. Datorren urtean 262.000 euro ipiniko dituzte zerbitzua indartzeko. Horrez gainera, beste aldagailu inklusibo bat irekiko dute adinekoen, ostomizatuen, garun paralisia dutenen, esklerosi anizkoitza dutenen eta abarren higiene beharrak betetzeko —2023an jarri zuten oraingoz martxan dagoen bakarra—. Datorren urtean zabalduko dute, Integrazio Soziokulturaleko Zentroan. Etxez etxeko arreta zerbitzua indartuko dute, 600.000 euro gehiago jarrita. Emakumeentzako Harrera Etxea ere sendotuko dute: gaur egun, indarkeria matxista sufritu duten hamasei andre eta haien seme-alabak bizi dira han. Topalekuak, hau da, gazteentzako aisialdi guneak zapatuetan ere zabalduko dituzte, familiek hala eskatuta.
Inbertsioen alorrari erreparatuta, zinegotziak iragarri du Urban Bizi Lab enpresa laborategia sortuko dutela. Milioi bat euro erabiliko dituzte horretarako. Arrontegin, arrapala mekanikoak ipiniko dituzte Bizkaia kalean. Zuazo auzoan, umeentzako jolasleku estali bat ipiniko dute. Bagatzako kulturgune berria martxan jartzeko ere dirua gorde dute, eta zinegotziak iragarri du Barakaldo Antzokian hainbat hobekuntza egingo dituztela: aire girotua ipiniko dute, eta areto nagusiko eserlekuak eta oihala aldatu; horretarako, aretoa itxita egongo da hilabete batzuez.