Begirada zabaltzen lagunduko duen eskaintza ondu dute bosgarren Loraldia Plazan

Azaroaren 27an eta 28an Zaratamon egingo dute, eta abenduaren 10etik 13ra, Arrigorriagan.

Loraldia Plazara jaialdiaren aurkezpena, gaur, Arrigorriagan. RAUL BOGAJO / FOKU
Loraldia Plazara jaialdiaren aurkezpena, gaur, Arrigorriagan. RAUL BOGAJO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Arrigorriaga
2026ko azaroaren 18a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kultura herritarren egunerokoan egotea da Loraldiaren asmoa, eta horretarako herritarrengana gerturatu behar da, haiek dauden lekura joan. Bosgarren urtez Loraldia Plaza egingo dute, azaroaren 27an eta 28an Zaratamon eta abenduaren 10etik 13ra Arrigorriagan. Kirmen Uribek idatzi eta Mikel Urdangarinek kantatutako Non geratzen den denbora kantatik hartu dute Zure gailurretik gora leloa.

Amaia Ozerin Loraldiko komunikazio arduradunaren esanetan, kulturak begirada zabaltzeko duen indarra azpimarratu nahi izan dute: «Kontzertu batek hunkitzen gaituenean, dantza batek galderak pizten dizkigunean edo idazle baten hitzek beste zerbait irakurtzeko gogoa ematen digutenean». Helburu horrekin, sei proposamen hartzen dituen egitaraua ondu dute, eta haietako bat Urdangarinek Rafa Ruedarekin, Ander Hurtado de Saratxorekin eta Jon Cañaverasekin emango duen kontzertua izango da. Abenduaren 12an arituko dira, Arrigorriagako Lonbo aretoan.

Loraldia Plazaren aurtengo aldiari azaroaren 27an ekingo diote, Zaratamoko kultur aretoan, Ines Osinaga eta ahizpak emanaldiarekin. Arrasateko musikariaren proiektu pertsonalena eta kolektiboena da aldi berean. Irina Gonzalezek, Yaima Orozcok eta Garazi Egigurenek lagunduta, irrintziak, reggaetona, latin jazza, son kubatarra, erritmo afroa eta koplak uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du.

Biharamunean, Mursegok eta Joseba Sarrionandiak Markos Gimenok sortutako palindromoen berrirakurketa librea egingo dute, Arkotxako elizan. Horiek biak izango dira Zaratamoko eskaintza osatuko duten ekitaldiak. Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordeak nabarmendu duenez, Loraldirik gabe ez litzateke posible herrian maila horretako kultur proposamenak eskaintzea.

Kultura, herrietara

Bi herriotako kultur programazioan egonkortutako hitzordua dela esan du Arrigorriagako alkate Maite Ibarrak. Nabarmendu du goi mailako kulturaz gozatzeko hirietara joan behar den ustea okerra dela: «Kultura garaikide eta bizia gure herrietara ekartzen du egitasmo honek». Goi mailako sortzaileak igaroko dira Arrigorriagatik ere. Abenduaren 10ean, DAB dantza konpainiak doako ikuskizuna eskainiko du Abusuko kultur zentroan. Ia ordubeteko saioan, koreografia bi taularatuko dituzte: Kea eta Tinieblak. Dantza garaikidearen bidez, gaur egungo gaien inguruko gogoeta sustatuko dute.

Biharamunean, Lonbo aretoan, Olatz Salvador musikariak eta Alaia Martin bertsolariak diziplina bien arteko nahasketa egingo dute 1:1 Eskala ikuskizunean. «Askorentzat ezaguna den sentipen bati helduko diote: errua, iritsi ezina geure buruari jartzen dizkiogun eta jartzen dizkiguten eskakizunei».

Zapatuan, Mikel Urdangarinen errepertorioa errepasatuko dute arestian aipatutako musikariek. Domeka eguerdian bukatuko da jaialdia, Azokan, Ulibarri familiako artzainek egindako gazta eta ardoa dastatuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA